Tokiko eta sasoiko produktuak sustatzea da helburua. Azokako lau baserrik eta ostalaritzako bederatzi establezimenduk lagundu dute errezetak osatzen.
Errezeta egutegia kaleratu du Hondarribiko Udalak. Tokiko eta sasoiko produktuak sustatzeko ekimena da eta, Kalixa Silanes Ingurumena eta Agenda 21eko zinegotziak azaldu duenez, baserritarrekin eta ostalariekin elkarlanean prestatu dute, “beraiek eskainitako errezetak barneratzen baititu”. Hain zuzen ere, azokako lau baserrik (Mattenea, Tudelenea, Bottika eta Botikako Agroaldea), eta ostalaritzako bederatzi establezimenduk (Danontzat, El Curry Verde, Arrantzaleen Kofradia, Arraunlari Berri, Gran Sol, Hiruzta, Sardara, Amona Margarita eta Batzokia) lagundu dute 2018ko egutegiko errezetak osatzen.
Hamabi hilabete, hamabi errezeta, Hondarribiko azokan aurkitu daitezkeen hamabi osagarri protagonista dituztenak. “Hilero produktu bat aukeratu da —erantsi du Silanesek—, garaian garaikoa. Horrekin batera, herriko ostalari edo eragile batek plater bat prestatu du eta hura nola egiten den azaltzen da elebitan, beharrezkoak diren osagaiak eta elaborazioa zehaztuz”.
Egutegia nahi duenak, doan lortuko du BAZ bulegoan. Bihar asteazkena denez, egutegiaren bila joan eta erosketak egitera Damarriko azokara jaisteko egun aproposa izan daiteke.
Ikusi egutegia PDF formatoan
Tokiko eta sasoiko produktuetan oinarritzen dira errezetak