Hondarribia Futbol Elkarteko neskek 3-0 irabazi diote Beti Gazteri lehen faseko azken partidan.
Lider Beti Gazteri 3-0 irabaziz, horrela bukatu dute lehen fasea Hondarribia Futbol Elkarteko neskek. Erregionaleko taldeak bigarren bukatu du ligaxka, eta zelai gainean kolpea ematen bukatu du, liderra menderatuz. Saioa Oronozek bi gol egin zituen, eta maite Riverak bestea.
Lehen fasean partida bakarra galdu du Ainhoa Iñarraren taldeak —3-2 Beti Gazterekin lehen itzulian—, eta beste bi berdindu —Allerruren kontrako biak— (
ikusi sailkapena). Mailako talde gazteenetakoa da, —jokalari bat ezik, beste neska guztiak jubenilak dira adinez—, eta entrenatzaileak jokalariak zoriondu ditu erakutsi duten jarreragatik: “Jokalari guztiek oso jokabide ona izan dute, partida guztietan gogo handiz atera dira. Baja garrantzitsuak izan ditugu, eta oraindik baditugu, eta hala ere, denek berdin jarraitu dute, eta behar izan denean lan gehiago egin dute”.
Oraindik ez dute jakinarazi txapeldunen faserako zozketa noiz egingo den, baina hondarribiarrek presiorik gabe ekingo diote erronkari,
denboraldiko helburua beteta: “Jokalariei baloi guztiak lehiatzeko eskatzen diet. Partidak irabaztera aterako gara, eta galtzen badugu, izan dadila guk dena eman arren beste taldea hobea izan delako”.
Lehen fasean partida bakarra galdu du Erregionaleko taldeak