Kilometro kontagailua hutsera
Sare tokian-tokian ari da lanean hilaren 13an Bilbon deitu duten manifestaziora jendetza bil dadin; Bilboko kaleak betetzea da erronka.
«Konponbidea lortzea herritar guztientzat izango da onuragarria» Oihana Mujika Oiartzungo SareEli Aragon bat dator: «Jendea aktibatzeak garrantzia badu. Ipar Euskal Herrian beste gauza bat da, baina oraindik hegoaldean jende asko ez da konturatu zein garrantzitsua den berak ere parte hartzea. Nahitaezkoa da». Aurten Sareren lan garrantzitsuena horixe izango dela aurreratu du Aragonek, «jendea ohartaraztea berak ere parte hartu behar duela aldaketan eta konponketan, hemen, oraindik gauza asko daudelako konpontzeko». Sareko kideen ustez, ez da zalantzarik. Frantziako Estatuak espetxe politikaren inguruan hartu dituen azken erabakiak ezin dira ulertu Ipar Euskal Herrian gizarte zibilak hartu duen protagonismoari erreparatu gabe. «Estatuari ez bazaio interpelatzen horrelako aktibazio batekin ez du erantzuten, nahikoa eroso sentitzen da. Ipar Euskal Herrian oso ondo antolatu direla bistan da. Mobilizazioa indartsua eta zabala izan da, eta horrek eragin ditu bai Frantzian bai Parisen gerora sortu diren aukerak», hausnartu dute. Paristik Bilbora Sareko kideek argi dute lehengo abenduaren 9an Parisen egin zen manifestazioak mugarri bat ezarri duela: «Argi dago Parisko abenduaren 9ko mobilizazioa ez dela egun batetik bestera sortu zen gauza bat. Lan handi baten emaitza izan zen, eta nik uste dut Parisko manifestazioan parte hartu genuen guztiak ere, bagenekiela zerbait garrantzitsuan parte hartzen ari ginela. Frantziako Estatuari begira indar erakustaldi handi bat suposatu zuen, eta horrek hemen egunez egun egin beharreko lan guzti horretarako ere beste bultzada bat eskaini zuen», adierazi du Oihana Mujikak. Oiartzuarrak, edonola ere, argi du non jarri azpimarra: «Orain urtarrilaren 13an Bilbon beste indar erakustaldi bat izango da, herriz herri egingo den lanketaren emaitza, baina horrez gain, oso garrantzitsua da ulertzea herri honetan konponbidea lortzea herritar guztientzat izango dela onura, eta presoen auzia konpontzea ez dela bakarrik presoentzat edo senideentzat ona izango, baizik eta benetan jendarte guztiarentzat izango dela onuragarria».
«Jendeak aldaketan eta konponketan parte hartu behar du, nahitaezkoa da» Eli Aragon Irungo SarePreso larri gaixoak Konponbidea lortu bitartean, baina, ezin ahaztu kartzeletan muturreko bizi baldintzetan bizirauten ari diren presoak badirela. Hori da, esaterako, Aitzol Gogorza eta Mikel Arrieta oreretarren kasua. Larri gaixorik daude, gaixotasun sendaezinak dituzte biek, baina salbuespen legedia tarteko espetxeratuta jarraitzen dute. Abenduaren 30ean Sare herritarrak bien askatasuna aldarrikatzeko manifestazio antolatu zuen Errenteria-Oreretan, eta pozik da Sare lortutako erantzunarekin. «Manifestazio oso zabala eta anitza izan zen. Herrian ordezkaritza duten alderdi politiko ia guztiek parte hartu zuten manifestazioan, eta gure helburua da lehenbailehen guztiak egotea. Kristau zirkuluak, kirolariak…»; pluraltasuna nabarmendu du Errenteria-Oreretako Sareko kideak. Herriko bi presok gaixotasun sendaezin larriak edukita, taldean indar gehien larri gaixorik dauden presoen gaian jartzen dutela kontatu du Galarragak: «Aitzolen kasuan urteak daramagu konponbidea bilatzen eta hitz egiten batzuekin eta besteekin. Hor gabiltza, ea noiz posible ditugun etxeratu».
«Iruditzen zaigu datozen hilabeteak oso garrantzitsuak izango direla» Josu Galarraga Errenteria-Oreretako SareZentzu horretan, sentsibilitateak biltzen ez ezik, «pedagogia lan bat» egiten saiatzen direla kontatu du, «oraindik ere badelako jendea ez duena ezagutzen preso hauen benetako egoera zein den». Lan pedagogiko horren beharraz jabetuta daude baita ere Irunen eta Oiartzunen. «Guk bagenuen sentsazioa dispertsioaz, edo urrunketaz asko hitz egiten zela, baina, jendea ez zela kontziente horrek suposatzen duenaz», esan du Oihana Mujikak, eta bat etorri da Eli Aragon irundarra: «Askotan badaukazu arazo baten berri, baina ez baldin badizute ematen informazio zehatza jendeak ez du ulertzen ondo zertaz ari zaren. Eman behar dira datuak, jendeak uler dezan zein den benetako egoera. Jendearen barreneraino iristeko gauza zehatzetan pentsatu beharra dago». Haur motxiladunak Aurten, gainera, orain gutxira arte nahiko oharkabean igaro den errealitate bati erreparatu nahi izan dio Sarek. «Haur motxiladunak» izenez ezagunak, mordoska dira Euskal Herrian beren gurasoak kartzelan dituztelako eskubide urraketa larriak pairatzen dituzten adin txikikoak. Bilboko manifestaziora batzeko deialdia egin zuten herenegun . «Esertzen zarenean norbaitekin eta esaten diozunean berak ezagutzen duen haur batek hilero 600, 700, 800, edo 1.000 kilometroko bisitak egin behar dituela bere aita edo amarekin egon ahal izateko, jendea, askotan harritu egiten da. Haurrak inguruan dituen edozeinek uler dezake, iraupen luzeko bidaia bat eta haur txiki bat erraz ez direla uztartzen», ohartarazi du Oihana Mujikak. «Askotan harriduraz galdetzen digute ea horrelako bidaiak haurrekin nola egin ditzakegun», gaineratu du: «Bada Euskal Herrian badira 18 urte arteko 113 haur eta nerabe, aita, ama edota biak espetxean dituztenak, eta hilero halako bidaiak egiten dituztenak», nabarmendu du. «Zalantzarik gabe, aita edo ama 800-1000 kilometrotara izatea suposatzen du, hasteko, hilean behin—edo asko jota, bitan— joan zaitezkeela horrelako bidaia bat egitera, eta beraz, haur horrek ama edo aita horrekin izango duen kontaktua izango dela hilean behinekoa eta espazio eta denbora mugatuan», ohartarazi du Mujikak. Aisialdirako aukera ere mugatu egiten zaie nabarmen haur motxiladunei. «Asteburuak baldin badira aisialdirako, lasai egoteko, kalean jolasten egoteko, haur hauek asteburu asko pasatu behar dituzte auto, furgoneta edo autobus bati lotuta 10 edo 12 orduz, aita edo amarekin egoteko, horrek suposatzen duen beldur, antsietate eta emozio bilketa guztiarekin», gaineratu du. Eta istripuak ere ezin aipatu gabe utzi. «Haur hauek, beste senide asko bezala, hilabetero-hilabetero daude istripu bat izateko arriskuan», ohartarazi du oiartzuarrak. Abenduan gertatu da azken auto istripu larria. Marta Igarriz presoaren senideek izan zuten, Castelloko espetxetik bueltan. Etxerat-ek zabaldutako datuen arabera, 2017 urtean bederatzi istripu larri izan dira dispertsioak eraginda. Arazoa, edonola ere, ez da bakarrik distantzia eta urruntzea. Preso politikoei aplikatzen zaien salbuespenezko legedia tarteko eskubide urraketak harago doaz, eta horri ere erreparatu nahi izan dio Mujikak: «Haur batek bere amari marrazki bat bidaltzen dio, eta nola espetxe legedi berezitua aplikatzen zaien guraso hauei, marrazki hori ez da iritsiko amaren eskuetara, gutxienez, 20-25 egun baino lehen, bidean interbentzio bat dagoelako eta interbenituta daudelako komunikazio guztiak». Motxila bete ilusio Haur motxiladunei, kasu askotan, «itxaropenerako aukera» ere ukatzen zaiela ohartarazi du Mujikak: «Hauetako haur batek galdetzen duenean noiz aterako den aita edo ama kartzelatik, askotan ezin diozu erantzun, edo kasu askotan 40 urte barru esan behar». Errealitate anker horren aurrean, Mujikak badu galdera bat: «Euskal gizartea prest dago benetan bake egoera batean bizi nahi badugu asumitzeko hemendik 40 urtera presoak egongo direla kartzelatan? Nik uste dut ezetz. Bestela, zein bakez ari gara hitz egiten? Zein elkarbizitzaz?». Baina etsipenerako tokirik ez da Mujikaren hitzetan: «Egia da motxila horietan sufrimendu eta zama handi bat dagoela, haurrek egunerokotasunean ezin dutelako fisikoki egon beren ama edo aitarekin, eta beren gurasoak ikusteko milaka kilometro egin behar dituztelako horrek suposatzen duen guztiarekin». Baina Bilboko manifestazioaren leloak dionari helduz, beren prestutasuna agertu du oiarztuarrak: «Hala ere, guzti horren gainetik, gu prest gaude haurrek irudikatzen duten ilusio, gogo, eta kolorezko herri bat sortzeko. Prest gaude konponbiderako, eta horretarako uste dugu haur hauek motxila horietan ere badutela bai ilusioa, bai kolorea, bai herri honek behar duen gogo eta indar hori». Atxikimendu ugari Eragile eta norbanako askok eman dute jada Bilboko manifestaziorako atxikimendua, tartean, osasungintzako eta jurisprudentziako izen esanguratsu askok. Parisko manifestazioan 11.000 lagun bildu ziren eta Bilbon, askoz gehiago izango direla espero dute. «Erantzuna zabala eta jendetsua izango dela zalantzarik ez da», esan du Galarragak. Harago doa Aragon: «Bada jende asko presoen auzia konpontzearekin ados dagoena, baina sekula ez dena joango manifestaziora, beraz, han biltzen den kopurua, gutxienez, bider bost biderkatu beharko genuke». Oarso eta Bidasoko herri guztietan jarrita daude jada autobusetarako zerrendak eta guztietan eskainiko da goizez joateko aukera. Aurten jendea goizetik joatea nahi du Sarek, «planteamendua desberdina» delako eta egun osoko egitaraua ondu dutelako manifestazioaren bueltan. Konferentzia, kale animazioa, kontzertuak… ezer ez da faltako aldarrikapena eta festa uztartzeko prest daudenentzat. Autobusak
- Pasaian. Donibanen, Bixi Bixi elkartean, Itziar tabernan eta Ontziolan; San Pedron Antxeta elkartean; Trintxerpen, Trintxer elkartean; eta Antxon, Mimos eta Leunda tabernetan. Oiartzunen.Castro tabernan eta Garmendi txokolategian.
- Errenteria-Oreretan. Landare, Sindikato, Arkaitza, Reina eta Xera tabernetan.
- Lezon.Tiñelun.
- Irunen. Hazian eta Elatzetan.
- Hondarribian. WhatsAppez 688 728 655 telefono zenbakira idatzita.
- 11:15. Gizarte zibila subjektu aktibo konferentzia La Boslan. Hizlariak: Joseba Azkarraga, David Fernandez, Anais Funosas eta Mario H Calixto. Moderatzailea: Pili Kaltzada.
- 11:00. Areatzatik Alde Zaharrera kale animazioa. Txistulariak, trikitilariak eta batukada K-Tum taldearekin.
- 11:45. Areatzatik (karpa) kantujira, Sare kantari.
- 12:30. Areatzan, karpan, Porrotx. Kantu, irriak, eta marrazkiak. Herri argazkia, amarekin kartzelan dauden Izar, Xua eta Haitzentzat.
- 13:30. Areatzako karpan bertso saioa.
- 15:00. Kontzertua. Kepa Junkera eta Sorginak, Areatzako karpan.
- 17:30. Manifestazioa, La Casillatik abiatuta.
- 19:45. Kontzertuak Areatzako karpan: Anita Parker eta Tximeleta.