Iazko udan Getxo eta Baiona igerian lotu zituen Paxkal Elgartek, presoen alde. Erronka jasotzen duen dokumentala proiektatuko dute Muaran.
180 kilometro igerian, zazpi etapatan, euskal presoekiko elkartasuna adierazteko eta presoen aldeko elkartasun taldeentzat dirua biltzeko. Hori da iazko uztailean Paxkal Elgart amikuztarrak (Nafarroa Beherea) burutu zuen balentria, Getxotik Baionaraino igeri eginez, hegatsik gabe, neopreno soil baten laguntzarekin.
Uztailaren 12an iritsi zen Hondarribira, Donostian hasitako bosgarren etapan. Hondarribiko kai berrian berrogei lagun inguru zituen zain, presoen aldeko banderolekin. Hurrengo egunean Miarritzerantz abiatu zen, eta 14an bukatu zuen ibilbidea, Baionan.
Elgarten erronka jasotzen duen dokumentala egin dute, eta Hondarribiko Sarek proiekzioa antolatu du igande honetarako, 18:00etan, Muara elkartean. Eki Pagoagak prestatu du ikus-entzunezkoa eta berak aurkeztuko du, Elgartekin eta erronkaren antolatzaile lanak egin zituen Roberto Murgiondorekin batera.
Paxkal Elgart, Hondarribiko kai berrira iristen, zeharkaldiko bosgarren etaparen amaieran