Erregeen postariak bihar jasoko ditu gutunak, 18:00etan Betherrametik abiatuta. Erregeak Kai Zaharrera iritsiko dira ostiralean, 19:15etik 19:30era.
Errege magoen postaria, iaz, haurren gutunak jasotzen eta goxokiak banatzen
Errege Magoen postaria bihar iritsiko da Hondarribira. Betherramen hasiko da gutunak biltzen, 18:00etan. Hortik Amutera joango da, eta Kostatik jarraituko du bidea, Zumardiraino. Alde Zaharrean barrena ibili eta gero (Kale Nagusia, San Nikolas eta Juan Laborda), Portura jaitsiko da, eta San Pedro eta Zuloaga kaleak zeharkatuko ditu. San Kristobalen bukatuko du ibilbidea.
Erregeak ostiralean iritsiko dira Hondarribira. Egun hauetan lurrez ari dira bidaia egiten eta itsaso zakarrak ez die atzerapenik eragingo. Printzipioz, ostiralerako itsasoa baretuko da, eta barkuz egingo dute azken zatia Hondarribiraino. Dena ongi, 19:15ak eta 19:30ak artean amarratuko dute Kai Zaharrean, eta bertan zain izango dituzte kabalkadako partaideak (17:45ean abiatuko da desfilea Mendelutik eta ordu erdi geroago Amutetik).
Kai Zaharretik Hermandadera joango dira Errege Magoak, eraikineko bi fatxadetako leihoetatik haurrak agurtzeko. Jarraian, desfilea hasiko dute ohiko kaleetatik: Matxin Artzu, San Pedro kalea, Bernat Etxepare, San Kristobal biribilgunea, Hiru Bide, Harresilanda, Damarri, eta Gernikako Arbola.
Jaiotza biziduneko antzezlanean parte hartu eta gero, San Gabriel egoitzara zuzenduko da desfilea, Kale Nagusia igoz. Gutxi gorabehera, 20:45ak aldera zeharkatuko dute Santa Mariako arkua.
Adingabeek gurasoen baimena behar dute
Hondarribiko Udalak oharra kaleratu du, osteguneko nahiz ostiraleko desfileetan parte hartu nahi duten adingabeek gurasoen baimena behar dutela adierazteko. Baimena
Facebooketik deskargatu daiteke edota Hondarribiko Gazteen Zerbitzuan, Itsas Etxeko bigarren solairuan, Saindua Gaztelekuan eta Arma Plazan eskatu.