Ez da erraza norbait elkarrizketatzea AK-47a eskuetan duela. Baina, Gorpuzkingzengana hurbildu nahi duena, haien segurtasun baldintzen morroi bilakatzen da. Lehenak izan dira trap musika euskaraz egiten, eta estilo horretako bereizgarriak diren elementuak bilakatu dira euren ikur: bortizkeria, drogak, armak… Duela urtebete argitaratu zuten lehen bideoklipa Youtuben, eta ordutik ezer ez da berdina izan euskal musikan. “Historia egiten ari gara”, diote.
Alde Zaharreko ghettoan egin du zita HITZAk hirukotearekin, baina bi bakarrik azaldu dira, Zakil Onil eta Big Txiki.
Hiru zinetela uste genuen?
Zakil Onil: Bai, baina segurtasun arrazoiengatik Donald Trap ezin izan da etorri. Berez hirukotea gara, baina tarteka beste DJ bat izaten dugu, Inmor Trap, eta gure inguruan laguntzen gaituen jende pila daukagu, Pabling Blingek bideoak egiten dizkigu, Fountain Manek abestiak grabatzen dizkigu estudioan, Ronald Reggae hortik dabil bueltaka, tarteka baseren bat egin digu [trap kantuentzako oinarria]….
Big Txiki: Eta gero baditugu segurtasun zaindari gisa etortzen diren lagunak.
Z. O: Hori da, bai. Gure segurtasuna beharrezkoa da, trap mundua oso lehiakorra da eta argi ibili behar gara. Inbidia asko sufritu ditugu euskal kulturaren partetik eta, tamalez, armaturik joan behar dugu, gure babesa bermatzeko.
Euskal traparen aitzindariak zarete. Zergatik erabaki zenuten trap musika egitea? Eta zergatik euskaraz?B. T: Batetik, rollo hori gustatzen zaigulako. Baina, horrez aparte, guk kontatzen ditugun istorioak kontatzeko base horiek oso egokiak direlako. Horrelako gauzak kontatzeko, letra hauek kantatzeko, trap musika erabiltzen da mundu osoan. Eta orain, guri esker, baita Euskal Herrian ere.
Z.O: Ez dugu egingo Sorotan Bele rollo bat gure bizitzako gertaera bortitzak adierazteko. Trapa aukeratu genuen egokia delako. Trapak baditu bere aldaerak, aldaera desberdinak, jokoa ematen dutenak. Guk argi genuen, munduko gazteek trap musika entzuten dute, eta Euskal Herrikoek ingelesez, gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntza batean entzun behar zuten. Guk trapa egin nahi genuen, eta gure hizkuntzan, euskaraz kantatu nahi genuen.
Ez diozue edozeri kantatzen, letra gogorrak dira zuenak.Z.O: Ghettoko bizitza da kontatzen duguna, zer nolako bizimodua dugun Hondarribian. Ni berez Lurgorriko ghettokoa naiz, itsas ondoan baztertuta hazi nintzen.
B.T: Eta ni eta Donald Trap Puntaleko ghettokoak.
Z.O: Orain Alde Zaharreko ghettoan gaude zurekin, ikusten duzu zer nolako bizitza dagoen hemen, oso toki gogorra da bizitzeko. HondarribiaHills-en, golf inguruan, jendea oso ondo bizi da, baina hiri erdiguneetan bizitzea oso gogorra da, eta Hondarribiko ghettoan zaila da aurrera ateratzea. Txikitako bizitza oso gogorra zen, baina krisiarekin are eta gehiago larritu zen egoera, kaleko bandak, lapurretak, tiroketak, droga…
B.T: Guk bizitza guztia kalean eman dugu, parkean, auzoko jendearekin, trans-ak egiten [legez kanpoko salerosketak].
Jarrera ere inportantea da zuentzat, estiloa, bortizkeria mintzatzeko orduan..Z.O: Kaleak egin gaitu horrela, gogorrak. Gorputzean ditugun marka hauek [tatuajeak erakutsiz] ez dira dohainik. Bizitza honetan gogorra izan behar da…
B.T: Bestela beste batek jango zaitu.
Aurpegiak zapiekin ezkutatzea ezinbestekoa al da?B.T: Bai, batetik poliziak gu ez identifikatzeko, eta beste batetik, beste bandetakoek nor garen ez ezagutzeko.
Z. O: Badira hortik beste banda batekoak, bizardun batzuk, uste dutela nortzuk garen badakitela. Baina oso oker dabiltza.
Hondarribian bertan dituzue etsaiak, beraz?Z. O: Etsaiak baino, inspirazio iturriak dauzkagu. Etsaiak ere baditugu, mundu guztiak dituen bezala. Baina ez, herrian inspirazio iturri ugari dauzkagu.
B.T: Gainera, etsaiek askotan aurrera egiten laguntzen dizute.
Letrengatik, kontatzen dituzuen gauzengatik, izan al duzue arazorik?B. T: Oraingoz ez, eta ez ditugu edukiko. Horretarako ditugu segurtasun zaindariak.
Trap musikaren ikurrak bereganatu ditu Gorpuzkingz taldeak
Noizbait jarri al zarete Mozal legearen zenbat artikulu urratzen dituzuen zenbatzen?Z. O: Ez dakigu, baina gauza bat esango dizut argi, nazio eraikuntza da gurea, eta bide horretatik jarraituz, ez dugu kanpoko arau arrotzik aintzat hartzen.
Pertsona bezala dituzuenez gain, musikari gisa gaitasun bat duzue, abesti guztiak bideoklip bihurtzekoa. Nola izaten da bideoak sortzeko prozesua?B. T: Pabling Blingek sortzen ditu bideoak, bera da taldeko bideoklipen burmuina. Lehenago pentsatzen dugu abesti bakoitzarekin nolako bideoklipa sor daitekeen, gutxi gorabehera zer egin, lau ideia. Pabling Blingekin geratu aurretik ideia orokor bat dugu, besterik ez. Hortik aurrerakoa, bere inspirazioa da, oso ondo egiten du lan.
Z. O: Egia esan, Pabling Blingek dena du buruan, eskerrak hark gauzak ondo egiteko gaitasuna duela, bestela… Berari esker lortu dute arrakasta bideoklipek. Gure film luze gogokoenetako bat Pain & gain da (Mina eta dirua) eta bertan Mark Wahlbergek esaten du, ‘Guk ez ditugu planak gustuko, argi dago gure emaitzarik onenak inprobisazioaren bidez lortzen ditugula’. Horrelakoak gara gu, ez zaigu gustatzen gauzei hogeita hamar buelta ematea.
Janzkeraz gain, zenbait ikur errepikatzen dira zuen bideoklipetan, Ipar Koreako bandera, arrano beltza, drogak, armak… Ikur horiek Gorpuzkingzen adierazgarriak bilakatu dira dagoeneko.Z.O: Bai, jakina. Guretzat irudia ehuneko laurogeita hamar da. Euskal taldeen bideoklipak ikusten dituzu eta den-denak berdinak dira. Bada guk ez, guk zerbait erabat desberdina adierazi nahi genuen, guk gure rolloa nahi genuen adierazi, tatuak, droga, txarraskak [metrailadoreak], arropa, indarkeria…
Deigarria da zuen musika bakarrik bideoklip horietan dagoela, Youtuben, ez duzue beste formatuetan zabaltzen, ez bada zuzenekoetan.
B. T: Musika estilo hauetan, eta beste askotan, ez dakit gehienak, jende askok Internetetik kontsumitzen du musika. Gazteek lokaletan bideoak jartzen dituzte, eta etxean playlistak sortzen dituzte Youtuben. Guk bide hori hartzea erabaki dugu, orain formatu hori gorenean dago.
Diskoak ez, baina materiala bai saltzen duzue kontzertuetan, merchandising-a duzue.B.T: Bai, kontzertuetara kamisetak eta fardo batzuk eramaten ditugu.
Z. O: Horiek dira gure diru iturri nagusiak. 200 kamiseta saldu ditugu hilabete batzuetan. Bi eredu atera ditugu orain arte, lehenengoa bi koloretan, eta bigarrena zortzi koloretan. Orain hirugarren eredua prestatzen ari gara, baina ezin dut ezer aurreratu.
Gorpuzkingz taldekoak, taldeko kamisetak jantzita
Kanpora begira behintzat, harroputz hutsak zarete, Facebook-en ere horrela azaltzen zarete. Zaleen aurrean ere?Z.O: Ez, ez, ez da jarrera kontua. Gu horrelakoak gara. Eta ez dugu ulertzen kontzertura joan eta jendeari eskerrak ematea, jendeak guri eman behar dizkigu eskerrak. Zorionak haiei, hori bai, zaleak zoriondu egiten ditugu Gorpuzkingz ikusi eta entzuteko aukera izan dutelako.
B.T: Egia esan, bai izaten da momentu desberdin bat kontzertuetan, reggaeton abesti bat kantatzen dugunean; amodiozko kanta da, eta hor gure ohiko jarrera alde batean uzten dugu.
Interneten al dago abesti hori?B.T: Ez, ez dugu grabatu, eta ez dakigu grabatuko dugun. Kontzertuetan abesten dugu. Eta momentuz ez du izenbururik, gure abestiek bideoklipa bihurtzerakoan hartzen dute titulua, aurretik ez dute.
Bereziak al dira kontzertuak zuentzako?B.T: Nor garen eta zer garen adierazteko modu bat dira kontzertuak, baita ondo pasatzeko ere. Eta dirua irabazteko.
Z.O: Eta gehienbat hortik sartzen da dirua. Kontzertuetan kobratzen dugunaz aparte, merchandising-a saltzen dugu. Baina hortaz aparte, ni askoz gusturago nago kontzertu bat ematen, lokalean sartuta baino, edo elkarrizketa bat ematen baino [barrez]. Beste herri batera joatea, jende berria ezagutzea, ondo pasatzen dugu kontzertuetan.
Joan den astean Segurtasun Sailak jakinarazi zuen ertzainak putetxeetara joaten direla, puten konfiantza bereganatzeko. Zuen kontzertuetara ere hurbiltzen al dira, gaizkileekin enpatizatzeko?Z.O: Bai ikusi ditugu, [ahotsa igoz] baina argi esan diegu ez ditugula gure artean nahi. Baina bai, jakina, etortzen dira, eta tarteka egiten dugu trans-en bat beraiekin.
B. T: Baina hori ezin dugu esan, hori ez jarri [mehatxuka].
Gehiago ematen du, baina urtebete da lehen bideoklipa Youtubera igo zenutenetik.Z.O: Bai, 2016ko abenduaren hasieran igo genuen, orain urtebete eta gutxi.
B.T: Lehen bideoklip horrekin batzuek ezagutu gintuzten, gero gutxika-gutxika zabaltzen joan zen. Bideoklip berriak igotzen genituenean nabaritu genuen jende gehiagorengana iristen ginela.
Z.O: Izan ditugu momentu jakin batzuk… Adibidez, Donostian jo genuenen [Olatu Talkan] dezente igo zen jarraitzaileen kopurua. Hor ikusten dugu, Facebook-eko atsegiteetan. Ez dakit zein medioetan agertu, eta nabaritzen dugu igoera (dagoeneko 1.000 atsegite baino gehiago dituzte). Udaran esan genuen ez genuela joko, eta azkenean bost kontzertu eman genituen. Hilabetero gutxienez bi kontzertutarako deitzen gaituzte.
Diskoa atera gabe Durangoko Azokara gonbidatu duten talde bakarra izango zarete. Ken Zazpi, Mikel Urdangarin eta konpainia haserre egongo dira.Z.O: Egia da, hitzaldi baterako deitu gintuzten, mahai-inguru baterako hobe esan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailburuarekin, eta abar. Eta hori ere da gure asmoa, euskal musikaren dinosaurioei aurre egitea, eta hemen gaude, historia egiten.
B.T: Euskal musika mugitu egin behar da, ezin dugu jarraitu beti gauza berak egiten. Jende gazteak mugitu behar du, eta badago jendea prest dagoena, ez bakarrik estiloan berritzeko, formatuak ere aldatu behar dira. DIY eredua (Do It Yourself, zuk zeuk egin) garrantzitsua da. Igual kalitatea ez da berdina izango, baina askatasuna ematen dizu nahi duzuna egiteko.
Z.O: Hori da, guk ez ditugu behar ez dakit zenbat mila euro grabatzeko, dugunarekin moldatzen gara, eta, jendeak gogoko izan du.
Zuek, gustura al zarete orain arteko ibilbideaz?B.T: Oso. Taldeak harrera oso ona izan du, oso ondo pasatu dugu. Ikusi dugu orain arte zegoen musikak ez dituela jende guztiaren beharrak asetzen, jende batek beste gustu batzuk ditu, eta hori oso ondo egon da.
Z.O: Jende pila ezagutu dugu, baina gure rolloko jendea, Hondarribian ez daudelako asko, baina kanpora jotzera joateak jende hori ezagutzea ekarri du. Adibidez, Bergaran Ttun-ttun Brigade taldea ezagutu genuen [elektropopa egiten dute], eta flipatu genuen, ‘gure igualak dira, baina Bergaran’. Hori polita da, arteak kalean egon behar du, baditut lagunak esaten dutenak ‘ba hau grabatu dut etxean’, joder, bada atera, zabaldu. Horren alde gaude gu.
Eta, urte berriari zer eskatzen diozue?Z.O: [Azkar erantzunez] Dirua, lanik ez egitea, eta kotxe berri bat.
B. T: Eta loro urdin bat.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.