Kalean egoera aldatu den bezala, "euskal presoen egoera zuzentzen hasi dadila" eskatuko dute, trikitilarien laguntzaz.
Presoen aldeko elkarretaratze bat, Portuan
Euskal preso eta iheslarien aldeko kalejira egingo dute hilaren 24an eguerdian. Errepresaliatuen sustengurako herriko taldeak adierazi duenez, “gero eta preso gutxiago dagoen arren, egoerak bere horretan dirau espetxe barruan jarraitzen dutenei dagokionean. Guri, kalean, askotan, gauzak aldatzen ari direla iruditu arren dena berdin dago barruan”.
Asturiasko Villabonako espetxean dagoen Urko Labeagaren egoerari buruz zera nabarmendu dute, “zigor baldintzak aldatu gabe, bere bisita erregimena, bere zigor maila… denak orain dela urtebete bezala jarraitzen du, espetxez aldatu duten arren”.
12:00etatik aurrera egingo dute presoen aldeko kalejira. Ordu horretan arrantzaleen etxeetan geratu dira, salda bero bat hartu eta kalez kaleko ibilbidea hasteko: “Aurten ere, aurreko urteetan bezala, eta are indar handiagoarekin, Olentzerorekin abestera aterako gara egoera hau behingoz zuzentzen has dadila eskatzeko”.