'Ezagutu Hondarribia' fitxa didaktikoen lehena aurkeztu du Arma Plaza Fundazioak. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako programa da.
Urtero bana kaleratuko dute, Lehen Hezkuntzako sei mailak osatu arte
Arma Plaza Fundazioa Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako fitxa didaktikoak kaleratzen hasi da, herriko ondarera hurbildu daitezen. Dagoeneko lehenengoa aurkeztu dute, txikienek, 6 urtekoek, eskolan, etxean eta kalean erabili ahal izango dutena. Hurrengo bost urteetan beste horrenbeste kaleratuko dituzte, hezkuntza zikloa osatu arte.
Joan den ostiralean aurkeztu zuten
Ezagutu Hondarribia fitxa didaktikoen programa Arma Plaza kultur gunean. Bertan izan ziren Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkate eta Arma Plaza Fundazioko presidentea eta Lore Erriondo EH Bilduko zinegotzi ohia eta produktuaren arduraduna.
Nola sortu ginen da programaren lehen argitalpena eta, alkatearen hitzetan, lan-tresna “oso gustagarria da neska-mutilek gure ondarera hurbilketa atsegingarri bat egin dezaten”.
Erriondoren iritziz, garai bateko transmisio ohiturak aldatu dira, eta galera hori osatzea dute helburu
Ezagutu Hondarribia fitxa didaktikoek: “Ondarearen transmisioa ez dago ziurtatuta, eta sustrairik gabe hazten den arbola errazago erortzen da”. Horregatik, “Hondarribiko ondare kulturalaren transmisioan ekarpentxoa” egin nahi izan dutela nabarmendu zuen, eta horregatik aukeratu zuten paperezko formatua, haurrarekin batera produktua etxera sartu zedin. Nolanahi ere, paperezkoa izateak ez du esan nahi teknologia berriak baztertu dituztenik, eta zenbait orrialdeetan QR kodeak txertatu dituzte, haurrek fitxetan azaltzen den informazioa Internet bidez zabaltzeko aukera izan dezaten.
Hezkuntzarako produktua izanik, herriko hiru ikastetxeen eta eskualdeko Berritzeguneko aholkularien babesa eskertu zuen Sagarzazuk. Are gehiago, ikasleentzako fitxekin batera, ikastetxeentzako gida-liburu prestatu du Arma Plaza Fundazioak: “Ikastetxearen esku material gehiago utzi nahi izan dugu —gaineratu du Erriondok—, osatzeko, eduki batzuk azpimarratzeko”. Modu horretara, ikastetxe bakoitzak eta irakasle bakoitzak, gaian sakontzeko askatasuna izango du. Ikastetxeetan banatuko dituzte, baina Arma Plazako turismo bulegoan ere izango da eskuratzeko aukera, baita Internetez
PDF formatuan ere.
Lehen unitatea aurkeztu dute
Herriko erraldoi eta buruhandien konpartsetako pertsonaiak izango dira fitxa didaktikoen protagonistak, Martxela baleatik hasita. Erriondok azaldu zuen zer dela-eta hasi diren Martxelarekin. “Erraldoi horizontal bakarra izateaz gain, oso hurbila da Martxela balea haurrentzat”, eta horregatik da lehen unitateko gidaria, sei urteko ikasleei herriko ondarera hurbiltzen lagunduko diena. Martxelaz gain, Frantxiska eta Txantxano baserritarrak ere azaltzen dira lehen fitxan. Zinegotzi ohiak erantsi zuenez, “konpartsako pertsonaiak azterketa baten bitartez berreskuratu zituzten”, eta hori kontuan hartu zuten pertsonai horiek aukeratzeko orduan.
Sei urtean, bana
LH1eko ikasleentzat da
Ezagutu Hondarribia fitxa didaktikoen aurrenekoa. Proiektua Lehen Hezkuntzari zuzenduta dago, bere osotasunean, sei mailak hartuta. Aurkezpenean aurreratu zutenez, hurrengo bost urteetan falta diren fitxak kaleratzeko asmoa dute, hurrenkeran. Hala, 2018ko irailerako bigarren liburuxka argitaratu nahi dute, hurrengo ikasturterako erabiltzeko. Horrela, 2018-2019an bi mailetako ikasleek izango dituzte
Ezagutu Hondarribia fitxak, LH1 eta LH2koek. Urtero ale bat aurkeztuta, 2022-2023 urtean bilduma osatuta legoke, eta herriko 6 eta 12 urte bitarteko haur guztiek izango lukete haien herria hobeto ezagutzeko aukera.
Erriondo EH Bilduko zinegotzi zenean egin zuen bere alderdiak proposamena, baina alkateak onartu zuenez “gu konbentzitzeko ez zuen lan handirik egin behar izan”. Zinegotzi ohia izan da proiektu-buru, baina lan talde handia dago
Ezagutu Hondarribia fitxa didaktikoen atzetik. Arantxa Urbe aholkularitzan, Eñaut Aiartzaguena ilustrazioan, Otzarreta diseinu eta produkzioan, hainbat udal teknikari, edota Arma Plazako gidari Oihana Lekuona. “Bera gabe, ezin da lan hau ulertu”, aitortu zuen Erriondok.