Ikasbasketek azken segundoan irabazi dio Campus Prometeri. Lehen itzulian ere, Logroñon, azken jokaldian irabazi zuten hondarribiarrek.
Azken segundoraino ez zen partida erabaki
Express Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak garaipen inportantea lortu zuen larunbat arratsean Hondartzan, Logroñoko Campus Prometeren aurka (57-55). Azken emaitzak direla-eta, Euskal Ligako laugarren postuagatik borrokatuko dira hondarribiarrak, eta hori lortzeko ezinbestekoa zuten larunbatean irabaztea. Eta lortu zuten, azken segundoan izan bazen ere. Joaneko partidan Logroñon ere, segundo gutxiren faltan menderatu zuten Campus Promete hondarribiarrek.
Partida joan eta etorrikoa izan zen, eta minutu erabakigarrietara oso parekatuta iritsi ziren bi taldeak, 41-42 azken laurdenaren hasieran. Etxekoek oso serio hasi zituzten azken hamar minutuak eta zazpi puntu aurretik jarri ziren. Baina azken minutu eta erdian 0-7ko partzial batekin berdintzea lortu zuten errioxarrek, eta 10 segundoren faltan aurretik jartzeko aukera izan zuten ere.
Bederatzi segundo izan zituen Ikasbasketek azken erasoa egiteko, eta 1,3 sobratu zitzaizkion Miren Zataraini barneratze ausart batekin garaipenaren saskiratzea lortzeko.
Oso partida borrokatua izan zen, eta Ganix Mironek aulkia asko mugitu behar izan zuen. Horren adierazgarri, Ikasbasketeko hamar jokalarik sartu zuten punturen bat, eta puntu gehien egin zituztenek, Jennifer Zelaietak eta Leire Izagirrek, 8n geratu ziren.
Ligaxka bukatzeko bi partida falta direnean, lehen lauren artean sartzeko aukera asko ditu Hondarribiko taldeak. Hurrengo jardunaldian azkenaren kontra irabaziz gero lortuko lukete, eta horrekin, onenen faserako sailkatuko litzateke. Baina hori oporren ondoren izango da, urtarrilaren 13ra arte oporrak izango baititu taldeak. Ondo merezita!