Azken bost partidetatik bakarra irabazi du Ikasbasketek, eta laugarren postua lortzeko borrokatuko da azken hiru jardunaldietan.
Laugarren geratzeko Campus Prometeri irabazi behar dio Ikasbasketek
Express Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak Logroñoko Campus Prometeren aurka jokatuko du bihar Hondartza kiroldegian, 19:45ean. Azken emaitzen ondoren —bost partidetatik bakarra irabazi du—, hondarribiarrek laugarren postuari eustea izango dute jokoan, eta dena eman beharko dute lortzeko, beste hiru taldek helburu bera dutelako (
ikusi sailkapena).
Geratzen diren hiru partidak irabazita ere ezingo litzateke hirugarren geratu Ikasbasket, baina bi bakarrik irabaziz gero ez luke ziurtatuko laugarren postua. Beraz, azken hiru partidak irabazten saiatu behar da Ikasbasket, azken partidan txapelketa jokoan eduki dezakeen Tabirako Baqueren aurkakoa barne.
Nolanahi ere, bihar errioxarrei irabazita, eta Araskik Lagunak liderrarekin galduz gero, urrats handia emango luke Ikasbasketek. Baina esandakoa, Campus Prometeri irabazi behar diote hondarribiarrek, besteen emaitzen zain egon gabe.
Gernikan kale
Aurreko partida Gernikan galdu zuen Ikasbasketek, (50-46). Ganix Miron entrenatzaileak onartu duenez, taldeak ez zuen bere bertsio onena eman, batez ere erasoan. Erraz saskiratzen ez duenean arazoak izaten ditu Hondarribiko taldeak —55 puntutik behera geratu den lau partidetan galdu du—, eta hori gertatu zitzaion Gernikan; azken laurdenean lehortean sartu zen, eta garaipenak eskuetatik ihes egin zion.
Lehen zatia bizkaitarrentzat izan zen, eta 25-22ko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira. Hirugarren laurdenean hondarribiarren erreakzioa iritsi zen eta, laurdenean 15-21eko partziala ezarriz, aurretik jarri ziren.
Laugarren laurdenaren hasieran 5 puntu aldea zeukan Ikasbasketek (40-45), baina azken hamar minutuetan taldeak ez zuen jokoan saskiratze bakar bat ere lortu, eta jaurtiketa libreetan ere makal ibili zen. 10-1eko partzialari esker, Gernikak markagailua irauli eta garaipena lortu zuen.