Gizakien Lurra GKEak 20 urte bete ditu. Hondarribian egon zen Soumayya bilakatu zen haien ikurra iaz, Korrontzik ‘Emaiogu bostekoa’ abestia eskaini ziolako.
Soumayya, ezkerrean, Hendaian egonaldia egin zuen Fanta senegaldarrarekin eta haren harrera familiako Bidanerekin (arg: Josetxo Perez)
‘Kantauritikan hegoaldera, ume txiki baten irrifarra’… Emaiogu bostekoa abestiko letra da, Korrontzi folk talde bizkaitarraren kanta ezagunarena, bederatzi hilabetez Hondarribian bizi izan zen Soumayya haurrari idatzi ziotena (ikusi behean bideoklipa). Gizakien Lurra gobernuz kanpoko erakundearen bitartez etorri zen Soumayya Euskal Herrira, bere herrialdean egiterik ez duten ondesteko zirujia egin ziezaioten. Aurten 20 urte bete ditu Gizakien Lurrak, eta bi hamarkadetan 150 umeren gaitz larriak zuzendu ditu Osasun Bidaiak programari esker.
Terre des Hommes fundazioaren sukurtsal bezala jaio zen Gizakien Lurra eta, batez ere, osasun bidaiak antolatzen dihardu. Terre des Hommesek hainbat egoitza ditu Afrikan, eta hango erakundeekin harremana du, haurtzaroaren aldeko hainbat programa abian dituelako. Han zuzendu ezin den arazo bat antzematen dutenean, osasun bidaia antolatzen hasten dira. Gaitzaren arabera banatzen dituzte bidaiak, esaterako, Gipuzkoan aurpegi-masaileko ebakuntzak egiten dizkiete haurrei, Bizkaian ondesteko zirujiak.
Iban Balerdi eta Oaya Poloren etxera etorri zen Soumayya 4 urteko neskatila benindarra. Balerdi Ormaiztegikoa da baina badira hogei urte baino gehiago Hondarribian bizi dela, eta hamar urte zeramatzan Gizakien Lurrako boluntario bezala. Soumayyaren aurretik, beste bi haurren laguntza familia bezala egonda zegoen. “Harrera familiak daude, ardura handiena hartzen dutenak, eta gero laguntza familiak, asteburuetan haurra hartzen dutenak”. Urte pare batez boluntario lana egin eta gero, bere burua eskaini zuen harrera familiei laguntzeko: “Duela zazpi bat urte 4 urteko Mayor senegaldarra izan nuen, urte eta erdiz, eta gero Alexi 11 urteko benindarra, 11 hilabetez. Asteburuetan egoten nintzen beraiekin. Mayor Igeldoko familia batekin zegoen, eta Alexi Zarautzen”.
Bi harrera familiari laguntza eman eta gero, urratsa egin eta Soumayya etxean jasotzera animatu zen Balerdi, bere bikote Polorekin batera. “Hasieran beldur handia nuen —aitortu du Polok—, frantsesa ere jakingo zuela uste genuen eta guk ez dakigu. Baina etorri zenean bere hizkuntza bakarrik hitz egiten zuen. Segituan ikasi zuen euskara, hilabeteko epean hitz egiteko gai zen”.
Soumayya, Hondarribian
Ondesteko arazoa zuen Soumayyak, uzki zulagabea, fistula bat uzkia eta baginaren artean. Gurutzetako ospitalean egin zioten ebakuntza, eta zein ume gogorrak diren konturatu ziren: “Ebakuntzak oso gogorrak dira eta nola aguantatzen duten, zein errekuperazio duten, izugarria da”, esan du Balerdik. Seme-alabarik ez du bikoteak eta Soumayyarekin izandako bizipenak oso intentsoak izan zirela onartu du Polo hondarribiarrak: “Gogorrena ebakuntza eta ebakuntzaren ondorengo garaia izan zen. Ebakuntza gogorrak dira, eta haurra sufritzen ikustea ez da erraza”.
Integrazio erraza
Orain sei urte hasi zen Iban Balerdi Gizakien Lurrako boluntario lanetan. Ordutik hiru umeren ardura izan du, birenak laguntza familia gisa, eta bestearena, harrerakoa. Ez dira Gizakien Lurraren bitartez azken urteetan Hondarribira iritsi diren bakarrak.
Fatou Gaye neskatila senegaldarra, esaterako, 2012ko San Tomas Egunarekin iritsi zen Javier Mitxelena eta Ana Mari Aristondoren etxera. Masailezurreko ankilosia zuen, eta Donostiako Ospitaleko Aurpegi-masaileko Kirurjia Zerbitzuan ebakuntza egitera ekarri zuten. Aristondok gogoratu duenez, bi familiak, harrerakoa eta babesekoa, Hondarribikoak ziren, eta horrek asko lagundu zuen haurraren integraziorako: “Fatouk ez zuen ikastolara joateko arazorik izango eta aste bat etxe batean eta hurrengoa bestean egotea antolatu genuen. Sendagileen kontsultetara bi familiak elkarrekin joaten ginen, horrela prozesu guztiaren eta ebakuntzen ondoren egin beharreko zaintza eta birgaitze prozesua egiteko informazio zuzena genuen”.
2013ko abuztuan itzuli zen Senegalera Fatou, ia ikasturte osoa eman zuen Talaia eskola publikoan. “Oso ongi integratu zen eskolan —kontatu du Aristondok—. Oso pozik joaten zen ikastolara eta ez zuen arazorik izan euskarara egokitzeko ulermen mailan. Asteazken arratsaldetan euskal dantza egiten zuen eta horrek ere lagundu zion bertako girora egokitzen”.
Senegalgo familiarekin berriro elkartu zeneko argazkia gordeta dute Aristondoren etxean. “Geroago, ondo zegoela jakin genuen, eta hor bukatu zen harremana”. Egonaldiaren une gogorrenetakoa umea etxera itzultzeko hegazkinera igotzen denekoa izaten da, baina neurri hori egokia dela uste du Aristondok: “Elkarteak hasieratik adierazten du haurra Senegalera itzuli ondoren ezingo dela harremanik mantendu berekin”. Polok ere gaizki pasatu zuen Soumayya Beninera bueltatu zenean: “Baina hasieratik asumitzen duzu horrela izan behar dela. Badakigu ondo dagoela, zerbait gaizki joanez gero itzuliko litzateke, eta guri eskainiko zitzaigun bera hartzeko aukera, hori delako haurrarentzat onena. Ez dugu haren berririk, albiste ona da”.
Balerdi eta Polorekin, aireportuan
Euskal Herriko harrera familiek ez dute harremanik edukitzen haurraren familiarekin, erakundea arduratzen da hortaz, Afrikan dituzten egoitzen bitartez. Tramite guztiak, baimenak, erietxeekin hartu-emanak… Gizakien Lurra arduratzen da horretaz guztiaz. Baina boluntarioen lana ezinbestekoa da, eta konpromiso maila norberak jartzen duela nabarmendu du Balerdik: «Boluntarioak denetarik egin dezake, harrera edo laguntza familia izan, azoketara informazioa zabaltzera joan, umeak ospitalean dauden bitartean txandak egin… Bakoitzak ahal duena jartzen du».
Hori da Balerdik eta Polok Soumayyarekin eta Etxeberriak eta Aristondok Fatourekin egin zutena, eta hori irabazi dute. “Ahal genuen neurrian arazo larri bat zuen haur bati lagundu genion, hori da gure oroitzapenik politena”, esan du Aristondok.
Eta esperientzia ahaztezina dela erantsi du Balerdik: “Lana da, bai, baina dena ondo bukatzen denean, horrek ematen dizun asebetetzeak merezi du. Esperientzia itzela da, handia, beraiek askoz gehiago ematen digute guri, guk beraiei ematen dieguna baino”.
20 urtean 150 haur baino gehiago sendatu dituzte
Hogei urte bete ditu aurten Gizakien Lurra GKEak. Hogei urte beste lurraldeetako haurrak Euskal Herrira ekartzen eta ebakuntzak egiten hasi zirenetik. 1997an jaio zen, Terre des Hommes fundazio suitzarraren sukurtsal bezala.
Terre des Hommes 1960an sortu zuten, Lausanan, haurren giza eskubideen alde lan egiteko xedearekin. Sortu zenetik, 66 proiektu garatu ditu Afrika, Hego Amerika eta Ekialde Ertaineko hemeretzi herrialdetan, batez ere haurren osasunari eta elikadura eskasiari lotutakoak, baina ez bakarrik. Horiez gain, esplotazio sexuala eta laborala jasan duten neskatoak babestu, babesgabetasun egoeran dauden umeei osasun programak eskaini, indarkeria matxistaren biktimak birgizarteratu, zenbait gaixotasunen prebentzioa sustatu, eta beste hainbat programa abiatu ditu GKE suitzarrak.
Euskal Herrian, osasun bidaiena da Gizakien Lurrak darabilen programa egonkortuena eta sendoena. Erakunde publiko nahiz pribatuen laguntzari esker, eta Osakidetzarekin ezinbesteko elkarlanean, dozenaka haurrei haien herrialdeetan egin ezin diren ebakuntzak egin dizkiete eta, haur horien osasun arazoak zuzentzeaz gain, bazterkeria sozialetik babestu dituzte.
Hogei urtean 150 haurri baino gehiagori egin dizkiete ebakuntzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Togo, Benin, Mauritania, Senegal, Maroko, Ginea eta Madagaskarrekoak izan dira etorritako haur gehienak, eta erizain, mediku, zirujau eta bestelako langile askoren borondatezko laguntza izan du programak, espezialitate askotarikoak: kardiologia, ondesteko kirurgia, aurpegi-masailekoa, plastikoa, oftalmologia, traumatologia eta urologia.
Korrontzi benefic abiatzeko balio izan zuen abestiak
Korrontziko kideak, haurrekin, eta bideoklipean lagundu zutenekin
Hondarribian iaz bederatzi hilabeteko egonaldia egin zuen Soumayya haur benindarra da Korrontzi folk taldearen Emaiogu bostekoa abestiaren protagonista. Agus Barandiaran trikitilaria dago Korrontziren atzetik, eta bereak eta Xabier Zabalarenak dira abestiaren musika eta letra. “Zabalak Pirritx eta Porrotxen musika egiten du —azaldu du Barandiaranek—, eta Korrontzi Symphonic diskorako konponketak egin zizkigun. Bere bitartez Isa Fernandez, pailazoen kamera, ezagutu genuen, eta berak azaldu zigun Gizakien Lurran lan egiten zuela”. Urteurrenerako zerbait egitea pentsatu zuten, “eta Korrontzi Benefic proiektua sortu genuen. Hiru kontzertu izan ziren, Azpeitian, Bilbon eta Gasteizen, eta lan hori biribiltzeko kantu berria sortu genuen, Emaiogu bostekoa, proiektuaren soinu banda bezala”.
Proiektua “oso hukigarria” izan zela aitortu dio Barandiaranek Hitzari: “Halako batean iritsi zen umeak aurrez aurre ezagutzeko unea, kontzertuetan, eta hunkitu ere hunkitu ginen, beraien bizipozarekin. Musika entzutean saltoka ikusten genituenean, ez zirudien inondik inora ume gaixoak zirenik. Lezioa eman ziguten zeukaten indarrarekin”.
Korrontzi Benefic programako abestia bilakatu zen Emaiogu bostekoa. Bideoklipean Soumayya ageri da—akordeoi berdea eskuetan duena da—, ebakuntza egiteko etorritako beste lau haurren ondoan, Moussa, Fanta, Khar Mbaye eta Isaac.
Iazko kontzertuetan bildutako dirua Gizakien Lurrarentzat eta ataxia-telangiektasia duten haurrei laguntzen dien Aitzina elkartearentzat izan zen. Aurten proiektu solidarioaren bigarren ekitaldia antolatu dute bizkaitarrek. Hilaren 29an Zumaian eta urtarrilaren 4an Bilbon joko du Korrontzik. VASS Sanfilippo elkartearen alde oraingoan.
Soumayya haurrari eskainitako abestiarekin hasi zen Korrontziren proiektu solidarioa, eta Gizakien Lurrari eskertza azaldu dio trikitilari mungiarrak, laguntzeko aukera emateagatik: “Isak askotan esan izan du oso eskertua dagoela Korrontzirekin, baina askoz gehiago irabazi du Korrontzik eman duena baino, sentsazioak, eta ume horiek ezagutzea, halako motxila bat daramagu euren barrekin eta indarrarekin”.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.