Herriko hainbat merkatarik euren produktuak salduko dituzte eta haurrentzako tailerrak antolatuko dira, bai larunbatean, bai igandean.
Gabonetako merkatua egingo dute asteburuan Itsas Etxea Auditoriumean. Herriko hainbat merkatarik euren erakusketariak muntatuko dituzte Itsas Etxean. Sarrera doan izango da, eta ordutegia honakoa: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. “Merkatuarekin, hondarribiarrek eta bisitariek bertoko merkatariek egiten dituzten lan ederrak erakusteko beste bide bat lortzen dugu”, adierazi du Maria Serrano merkataritza zinegotziak.
Hainbat tailer antolatu dituzte, bai larunbatean, bai igandean. Larunbat goizez joskintza tailerra egingo dute (11:30etik 13:30era) eta arratsaldez, txapena eta eskulanena (17:00etatik 18:30era). Igandean, berriz, Gabonetako gozoen dekorazioa landuko dute goizez, eta, arratsaldez, pintura-murala eta, eskulanak egingo dituzte.
Hondarribiko dendetara fan fan fan! merkataritza sustatzeko kanpainaren barruan antolatu dute merkatua. San Pedro kalean itsas edukiontzi bat jarri dute kanpainaren informazio gune bezala. Bertan, kanpainarekin bat egin duten merkatarien fitxak, eta urte amaierako erosketak egiteko hainbat proposamen.

Merkataritza kanpainako informazio gunea, San Pedro kalean