Ohorezko Mailako taldeak 84. minutuan lortu zuen berdinketa. Azken minutuetan hiru hondarribiar kanporatu zituen epaileak.
Hondarribiak berdinketa garrantzitsua lortu zuen larunbatean Pasaia KEren kontra, Errenteriako Don Bosco zelaian jokatutako partidan. Hondarribiarrek 84. minutuan lortu zuten berdinketaren gola, eta azken minutuak zortzi jokalarirekin jokatu zituzten.
Partida hasi bezain pronto aurreratu zen Pasaia, 3. minutuan, Unai Sagredoren falta jaurtiketa bati esker. Hortik aurrera Hondarribia berdinketaren bila saiatu zen, baina zuri-gorriak ondo kokatu ziren berdegunean eta kontraerasoan arrisku handia sortu zuten. Atsedenaldira abantailarekin joan zen Pasaia.
84. minutuan iritsi zen berdinketaren gola
Bigarren zatian giroa asko berotu zen. Lehen 45 minutuetan epaileak 5 txartel hori atera bazituen —bi Pasaiari eta hiru hondarribiarrei—, bigarren zatian etxeko lau jokalari zigortu zituen, eta Hondarribia taldeko beste bost, horietako hiru txartel gorriarekin.
Lehen kanporatzea 83. minutuan iritsi zen, Julen Sanchezek bigarren txartel horia ikusi zuenean. Hurrengo minutuan iritsi zen Iñaki Saez de Asteasuren berdinketaren gola, buruz, aldaratze bat baliatuz. Ondoren, Manuel Becerra (88an) eta Borja Lopez (89an) kanporatu zituen epaileak, eta taldeak zortzi jokalarirekin bukatu zuen partida. Epaileak bederatzi minutuz luzatu zuen norgehiagoka, eta azken minutuetan hondarribiarrek dena eman behar izan zuten emaitzari eusteko. Pasaiak aukera asko sortu zituen eta hondarribiarren atezainak bizpahiru geldialdi bikain egin zituen.
Azkenean, puntu banaketa izan zen Don Boscon baina, aurkariaren maila eta, batez ere, partida nola joan zen ikusita, puntu bat baino irabazi zuteneko sentsazioarekin itzuli ziren hondarribiarrak herrira.
Hurrengo bi partidak etxean jokatuko ditu taldeak. Lehenengoa sailkapeneko bigarren Ordiziaren kontra. Hurrengoan, Gabonetako oporraldiaren ondoren, Mutriku izango da aurkaria.