Bilera irekia egingo dute asteazkenean udaletxeko areto nagusian, Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana zehazten hasteko.
Hondarribiko Mugikortasun Mahaia elkartuko da asteazkenean udaletxeko areto nagusian, 19:00etan. Mahaiaren lehen bilera izango da, eta Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana (HMIP) zehazteko ekarpenak jaso nahi ditu.
Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Ingurumen eta Agenda 21eko zinegotziak adierazi duenez, “udala kontzientziatuta dago azpiegiturak sortu behar direla bai bizikletaren erabiltzaileak eta bai oinezkoak modu seguruan eta erosoan ibili ahal izateko”. Orain arte zenbait ekintza burutu ditu udalak, “kaleak oinezkoentzat egitea, bidegorriak eraikitzea, mugikortasunaren astea antolatzea”, baina “urrunago ere joateko garaia” dela erantsi du Silanesek: “Bada Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Plana (HMIP) sortzeko garaia”.
Udal gobernuari aspalditik egin zazikion eskakizunak dira bai mugikortasun mahaia, baita arloko plana ere. Asteazkenean hasiko dute bidea, eta arrakastatsuak izateko ezinbesteko oinarrietako bat parte hartzea izango da. Horregatik, udalak deialdi irekia luzatu die herriko pertsona eta taldeei: “Oso garrantzitsua da Hondarribian mugikortasuna hobetzeko martxan jar daitezkeen ekimenetan batera lan egitea, ekimen horiek betiere iraunkortasunera bideratuz. HMIP egiteko prozesua aberasteko, udalak hiritarren parte-hartzea eskatzen du, hiritarrarena nahiz Hondarribian jarduera garatzen duten taldeena”.
Balazta plataformaren bizikleta martxa, iraileko Mugikortasun Astean