Gipuzkoako Batzar Nagusiek 3.000 euroko laguntza eman diote Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeari, Polikastroko okindegirako.
Zapirain eta Mendoza atzo Donostian, hitzarmena sinatzen
Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak eta Marije Zapirain Hondarribia-Katsikas Boluntario Taldeko idazkariak hitzarmena sinatu zuten atzo goizean. Akordioaren arabera, Batzar Nagusiek 3.000 euroko diru-laguntza eman diote Hondarribiko elkarteari
Greziako Polikastro herrian dauden errefuxiatuei giza laguntza helarazteko: diru horren bidez ogia egiteko irina erosiko dute boluntarioek. Hilaren 7an eginiko bileran erabaki zuten batzar nagusiek, Polikastroko proiektua diruz-laguntzea.
Hitzarmena sinatu ondoren, Eider Mendozak azpimarratu zuen “Gipuzkoaren identitate-ezaugarrien artean daudela elkartasuna eta boluntariotza bai bertako jendearen alde mugituz bai begirada zabalduz munduko giza larrialdietara”. Elkarte hondarribiarraren lana goraipatu zuen Mendozak: “Gipuzkoako Batzar Nagusiek goretsi eta babestu egiten dute Hondarribia-Katsikaseko andre-gizonen sentiberatasuna eta erabakimena errefuxiatuei laguntzeko, esanahi sinboliko handia duen keinu baten bitartez: irina erostea ogia egiteko, oinarrizko jakia, bizitza duintzen duena”.
Hondarrribiko elkartea oso eskertua azaldu zen batzar nagusien laguntzarekin. Zapirainen hitzetan, “hiru mila euroei esker, hamar hilabeteko irina erosiko dugu errefuxiatuta dauden mila pertsonak ogia izan dezaten; horrek esan nahi du egunean 800 bat otordu –gosari, bazkari eta afari– eta 1.400 ogi zapal, Polikastron eta Tesalonikan beren herrietatik ihes eginda dauden haur, gazte eta helduen janari”.
Iazko maiatzean hasi zuten Hondarribia-Katsikaseko boluntarioak Greziako errefuxiatuekin harremana, eta aurtengo irailetik okindegia martxan dute Polikastron, Accion Directa Sierra Norte gobernuz kanpoko erakundearekin batera. Gipuzkoako Parlamentuaren diru-laguntza “gure elkartasun-kontzientzia hazteko legamia” dela nabarmendu zuen Zapirain boluntarioak.
Beste 1.000 euro, gazteenak
Atzokoa ez da Hondarribia-Katsikasek azken aldian sinatu duen hitzarmen bakarra. Urrian Gazte Xaiarekin elkartu ziren boluntarioak, Gazte Egunean eta Hondarribiko jaietan gazteek errefuxiatuen alde bildutako dirua eskuz aldatzeko. Irailean mila euro bildu zituzten herriko gazteek errefuxiatuentzat, eta Hondarribia-Katsikasek Polikastron abian duen proiektura bideratuko dira.