Euskararen Egunari aurrea hartuz, ate itxiko festa handia antolatzen ari dira. Oiartzungo reggae taldeak itxiko du egitaraua.
Autobus magikoa reggae talde oiartzuarrak joko du institutuan
Autobus Magikoa reggae talde oiartzuarrak kontzertua emango du ostiralean Hondarribiko Talaia Institutuan. Ateak itxita, zentroko ikasle, irakasle eta langileentzako joko dute, Euskararen Egunari lotutako festa itxiz.
Igandeari aurrea hartuz ospatuko dute Euskararen Eguna ostiralean. Talaia eskola publikoko beste bi zentroetan hasiko du institutuak jardunaldia, DBHko lehen bi mailetako ikasleek Bordari eta Biteri ikastetxeak bisitatuko baitituzte; cups-en laguntzarekin abestera (plastiko gogorreko edalontziak) joango dira.
Ondoren, institutura itzulita, 3. eta 4. mailakoak eta batxilergokoak batuko zaizkie, eta askotariko ekintzak egingo dituzte, mailaka banatuta edo denak elkarrekin. Bertsolariak, herri jokoak, tailerrak, euskararen eguneko abestia, zirkorrika eta mutxikoak, hori guztia antolatzen ari dira ostiralerako.
Eta ordu bata iritsita, kontzertua, aurrena ikasleena beraiena, eta ondoren Autobus Magikoa taldearena. Ordu biak arte joko dute oiartzuarrek. Denbora gutxian Hondarribian jotzen duten hirugarren aldia da: Irailaren 1ean Gazte Eguna itxi zuten, eta urrian 27an Psilocybeneako oholtzara igo ziren, Patxuko Nice taldearen gonbidatu gisa.