Erregionaleko taldeak urrats handia eman du bere lehen urtean txapeldunen faserako sailkapena lortzeko.
Huts egiten ez badu, txapelketa fasea jokatuko du Erregionaleko taldeak
Erregionaleko neskek urrats handia eman dute multzoko hiru onenen artean sailkatu eta ligaxkaren ondoren txapeldunen fasea jokatzeko. Bigarren Touringen kontra jokatu zuten atzo Hondartzan, eta 3-2 nagusitu ziren, sailkapenean oreretarrei aurrea hartuz. Allerruk, hirugarrenak, liderrarekin galdu zuen, eta Hondarribiak sei puntu ateratzen dizkio, eta lezoarrek partida bat gehiago jokatu dute (
ikusi sailkapena).
Hondartzara hurbildu zirenek partida oso polita ikusteko aukera izan zuten: jokaldi on asko, joan-etorri ugari, eta azken unera arteko emozioa markagailuan.
Lehen zatian jokoan etxekoak izan ziren nagusi, eta Maite Riverak 1-0koa ezarri zuen. Baina Touringek markagailua irauli eta atsedenaldira oreretarrak joan ziren aurretik. Ainhoa Iñarra berdeen entrenatzaileak azaldu duenez, zortea kontra izan zuten: “Lehen zatian jokoa guk izan genuen, eta jokaldi politak egin genituen; falta batean langan jo genuen… Beraiek bi aukera egin zituzten, eta bietan gola lortu”.
Bigarren zatia parekatua hasi zen, eta erdialdean Kaial De Juanek berdinketaren gola ezarri zuen. Etxekoak piztu ziren eta handik gutxira Riverak bere bigarrena, taldearen hirugarrena, lortu zuen. “Beste aukeraren bat ere izan genuen, —jarraitu du Iñarrak—, eta bigarren langa bat jo genuen, baina ez zen sartu”. Touringek ere izan zuen aukerarik berdintzeko, baina ez zuen lehen zatiko eraginkortasun bera eduki.
Hondarribiak partida oso serioa egin zen, eta entrenatzaileak nesken jarrera txalotu du: “Haien gainean egotea eskatu nien, presionatzea, eta horrela lortu genuen garaipena. Oso kontent nago taldearekin”.
Hurrengoa partida Santo Tomas Lizeoaren kontra jokatuko du Hondarribiak, Donostiako Berion. Multzoko bosgarren tokian daude, baina joaneko partidan gauzak asko zaildu zizkien hondarribiarrei.