Ohorezko Mailako mutilek 2-2 berdindu dute Zarautzen. Hurrengo larunbatean Mondragon hartuko dute etxean hondarribiarrek.
Azken bost partidetatik bakarra galdu du taldeak
Ohorezko Mailako taldeak berdinketa garrantzitsua lortu zuen larunbatean Zarauzko Asti futbol zelaian (2-2). Puntu bat urratu zuten hondarribiarrek sailkapenaren seigarrenaren kontra, baina saria handiagoa izan zitekeen. Izan ere, 70. minutuan 0-2 zihoazen aurretik berdeak, eta berdinketaren gola 89. minutuan iritsi zen.
Nolanahi ere, azken postuetatik aldentzeko beste puntu bat lortu du taldeak etxetik kanpo (
ikusi sailkapena). Azken bost partidetatik bakarra galdu du taldeak eta liga hasiera makala txukuntzen jarraitzen du. Hondarribiarren golak Jon Ander Irastorzak (20. minutuan) eta Xabier Etxartek (35.ean) sartu zituzten.
Hurrengo partida ere sailkapenaren erditik gora dagoen beste talde baten kontra jokatuko dute berdeek, Mondragonen kontra. Larunbatean izango da, etxean eta neguko ordutegian, hau da, kafearen orduan hasita. Bergara liderrari irabazi dion talde bakarra da Arrasatekoa, eta azken jardunaldian lortu du gainera. Kanpoan jokatutako sei partidetatik lautan lortu du puntuatzea, hiru garaipen eskuratu dituztelarik.
Atzeratutakoa, abenduaren 6an
Hiru egunera, abenduaren 6an, Touringen kontrako partidaren bigarren zatia jokatuko du Hondarribiak, 11:30ean. Bederatzigarren jardunaldiari dagokion partida da, euriagatik bertan behera geratu zena. Atsedenaldira 1-0 aurretik iritsi ziren etxekoak eta emaitza horrekin jarraituko dute norgehiagoka.