Naica indie-pop taldeak Donostiako Kutxa Kultur Klubean joko du abenduaren 29an. Taldeko bateria Santi Noain Maurak diseinatutako aretoa da.
(Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda)
Naica indie-pop talde hondarribiarrak kontzertua eskainiko du abenduaren 29an
Tabakalerako Kutxa Kultur Kluban. Denbora bat geldirik egon eta gero, errepidera itzuli dira Naicakoak,
Raravis hirugarren lana besapean dutela. Horreraino, albiste arrunta dirudi, baina kontzertu aretoa taldeko bateriak diseinatu zuela esaten badugu, istorioa aldatzen da. Santi Noain Maurak sortu zuen Kluba, eta hilabete barru, eszenatokitik bertatik izango du bere obra ikuskatzeko aukera. Ez esan hori ez denik
rara avis.
Lanbidez arkitektoa da Noain, eta Kluba ez da diseinatu duen lehen aretoa: “Hondarribiko Psilocybenea egin nuen aurretik, eta eraiki ez diren beste batzuk diseinatu eta aholkatu izan ditut”. Kluba egiteko aukera
TGA estudioaren bitartez iritsi zitzaion: “Duela lau bat urte deitu zidaten, Kutxa Tabakaleran egiten ari zen lan batzuetan arlo akustikoaren inguruan aholkularitza emateko. TGAko Txema Garcia Amiano ezagutu nuen, eta elkarrekin hasi ginen lanean. Harreman horri esker, Kluba diseinatzeko aukera izan nuen”.
Zaletasun hori edukita, kontzertu areto bat diseinatzea “lanik onenetakoa” dela aitortu du, baina zaila era berean: “Akustikak konplexutasun batzuk ditu, eta areto batek akustika on bat lortzea erronka bat da”. Musikarien artean Psilocybeneak ospea du lortzen duen soinuagatik, eta eskarmentu horrek balio izan zion Noaini Donostiako aretoa sortzeko: “Desberdintasun handiena da Psilocybe autogestioa dela, eta Klubak Kutxa Fundazioa duela atzetik, kudeatzeko beste modu bat da. Bestela, aretoa antzerakoa da, kontzertuaren liturgia berbera, eta Hondarribian probatutako gauza batzuk funtzionatzen zutela bagenekienez, Tabakalerara eraman ditut. Materialetan zerbait gehiago inbertitzeko aukera izan dut, zertxo bait hobeak dira”.
Festa bikingoa
Taldea Hondarribikoa, aretoa diseinatu zuena ere bertakoa, eta zirkulua ixteko, soinu teknikaria ere bikingoa. Iker Alzagak Psilocybe Elkartean ikasi zuen lanbidea, gerora hainbat talderekin aritu izan da (Barricada, Zea mays, Esne Beltza, Berri Txarrak…), oraindik badabil (Alex Ubago, Glaukoma…), eta duela bi urtetik Tabakalerako produkzio teknikoko arduraduna da. Noainek diseinatutako aretoari buruzko hitz politak bota ditu hondarribiarrak: “Ekipamendua eta akustika nabarmenduko nuke beste edozeren gainetik. Lana era profesionalago batean egitera laguntzen digu. Tabakalera bezalako toki batean horrelako areto batek lekua izateak, kultura anitzaren sustapenari laguntzen dio”.
Naica taldea oso ondo ezagutzen du Alzagak, “duela urte asko ezagutzen gara eta konfiantzak asko errazten du lana”. Dagoeneko pasatu diote abenduko kontzerturako egin nahi dutenaren zirriborro bat eta teknikariak uste du oso berezia izango dela: “Oraindik buelta bat eman behar diogu zenbait gauzei baina oso itxura ona hartzen diot. Egin nahi dutena ohiko formatuez alde egiten du eta hori eskertzekoa da, gaur egun zerbait desberdina egitea ez delako erraza”.
Desberdina izango da Naicaren Tabakalerako kontzertua, Santi Noain bateriarentzat batez ere. Paperetan marraztu zuelako ondo ezagutzen du aretoa, baina oraingoan notez marraztea tokatu zaio, bateriaren atzean eserita. Soinua ona bada, badakizue zein zoriondu.