Azken bi partidetan sailkapeneko bi aurrenekoekin galduta, Gabonak arte aurkari zuzenen kontra lehiatuko da Ikasbasket.
Express Hondarribia Ikasbasketek Barañaingo Lagunak taldearen kontra galdu zuen larunbatean Hondartza kiroldegian (53-67). Multzoko talde indartsuenetako bat da Lagunak, partida bakarra galdu du ligan, liderraren etxean eta puntu batengatik.
Larunbateko partida berdinduta hasi zen (18-16, lehen partziala), baina bigarren laurdenetik aurrera nafarrak gailentzen hasi ziren, eta Ikasbasketek Leire Oregiren hutsunea eta jokalari batzuen arazo fisikoak nabaritu zituen. Atsedenaldira bost puntuko aldearekin joan zen Lagunak aurretik (26-31).
Bigarren zatian partida puskatzeko asmoarekin kantxaratu ziren nafarrak, baita lortu ere. Ikasbasketek ez zuen Barañaingoen defentsa ulertzen asmatu eta zailtasun handiak izan zituzten saskira hurbiltzeko. Atzealdean ere arazoak izan zituen, eta Lagunakek hori guztia baliatu zuen markagailuko aldea zabaltzeko; 38-50, hirugarren laurdenaren bukaeran.
Ganix Mironen neskek ez zuten etsi, eta horri esker azken laurdena borrokatua izan zen (15-17), baina azkenean bi puntuak Nafarroara ihes egin zuten.
Hurrengo laurak, erabakigarriak
Etxeko azken bi partidak multzoko bi lehenengoen aurka galdu dituzte hondarribiarrek, eta koska txiki bat haien azpitik daudela ematen du, nahiz eta jarrerarekin aldea murriztea lortzen duten.
Miron entrenatzaileak adierazi duenez, “Gabonetako atsedenaren aurretik jokatuko ditugun lau partidek argituko dute taldearen lekuan zein den, aurkari zuzenen kontra jokatuko ditugulako” (
ikusi sailkapena). Lehena Bilbon izango da, larunbatean, La Salle-Zurekin taldearen kontra. Ondoren hurrenez hurren 3., 5., 6. eta 7. postuetan dauden Araski, Gernika eta Campus Promete taldeen kontra jokatu beharko dute hondarribiarrek. Ikasbasket laugarrena da sailkapenean, lau garaipenekin Araskirekin berdinduta; La Sallek bost ditu, eta Gerkikak eta Prometek 2na.
La Salleri irabaziz gero, hirugarren postuagatik borrokatu lezake Ikasbasketek