Sustraiako boluntarioak 'Mariñel’ ontzian lanean hasi zirenetik oposizioari ez zaio aurkeztu zaharberritze obrari lotutako segurtasun planik.
‘Mariñel’ barkua
Arma Plaza Fundaziora itzultzeko, erakundeko koordinatzaile Miren Aierbe udal arkeologoaren kargugabetzea eskatu zuen oposizioak atzo. Kexu dira
Mariñel arrantza ontzian gertatutako istripuaren kudeaketa ilunagatik. Bakoitzak bere ikuspuntua duen arren, fundazioko patronatuko kide diren oposizioko zinegotziek uste dute Aierberen portaera ez dela egokia izan. Besteak beste, istripuaren gaineko informazioa ukatu izana, bileretan esandakoak aktetan behar bezala adierazi ez izana, eta, erakundearen ardura onartu ordez, istripuaren ardura Sustraiako boluntarioei leporatu nahi izana egozten diote Aierberi. Horregatik, iraila bukaeran bere dimisioa eskatu zioten fundazioko presidente den Txomin Sagarzazu alkateari, baina Aierbe bere karguan mantentzea erabaki du alkateak.
Ekainaren 29an
Mariñel ontzian izandako istripuan jasandako zaurien eraginez, Enrike Lekuona Sustraiako boluntarioa hil egin zen aste batzuetara. Boluntarioek urteak zeramatzaten barkua fundazioarekin elkarlanean zaharberritzen, eta bisita gidatu programa bat abiatzeko azken prestaketak burutzen ari ziren istripua gertatu zenean.
Istripuaren ondoren, boluntarioen lan-baldintzen gaineko informazioa aurkezteko eta fundazioak eduki zezakeen arduren gaineko zalantzak argitzeko eskatu zioten Aierberi. Izan ere, boluntariotza hasi zenetik fundazioko bileretan ez da inoiz erakutsi boluntarioen lana arautzeko Segurtasun eta Osasun Planik edo antzerakorik, bakarrik 2015eko azaroan eginiko gomendio zerrenda bat, aurreratutako lanen ondorioz 2017ko udarako egoerari begira baliagarria ez zena.
EAEko boluntarioei buruzko 17/1998 Legearen arabera, boluntarioen eskubideetako bat da “lana segurtasun —eta higiene— baldintza egokietan egitea, lanaren ezaugarriak eskatzen dutenaren arabera”. Sustraiako boluntarioen lan-baldintza arautzeko Segurtasun eta Osasun Planik ez balego, horrek esan nahiko luke boluntarioek eginiko lanak legeak ezarritako segurtasun baldintzarik gabe burutu zirela, Boluntariotza Legea urratuz. Eta obra bera ere zalantzazkoa litzateke, edozein lanek, berria edo erreforma izan, segurtasun plana behar baitute.
Segurtasun plangintza eza
Oposizioak eskatu arren, udaran ez zen fundazioko patronatua bildu
Mariñel-eko istripua lantzeko. Iraila hasieran, herriko jaien aurretik, ultimatuma bota zuen oposizioak, biltzea exijitu zuten, fundazioa batzartu gabe baitzegoen patronatu kideei bisita gidatuen programaren berri ekainean eman zitzaienetik. Iraileko bigarren hamabostaldian elkartu zen patronatua eta, oposizioko kideen galderak erantzunez, segurtasun txosten bat bazela adierazi zuen koordinatzaileak, gerora fundazioko patronoei bidali ziena.
Aierbek aurkeztutako segurtasun txosnenak ekainaren 28ko data du, baina iraila bukaera arte ez zuen aurkeztu, oposizioak behin baino gehiagoetan segurtasun arloko dokumentazioagatik galdetu zion arren. Horregatik, oposizioko kideetako batzuek susmoa dute txostena faltsua izan daitekeelako, istripuaren ondoren egindakoa izan daitekeela, nahiz eta istripuaren bezperako data duen.
Lan-arriskuen arloko Donostiako enpresa batek idatzitako txostena da eta, “bisita gidatuak egin ahal izateko 2015eko azaroan planteatu ziren segurtasunezko neurriak —prebentiboak eta zuzentzaileak— egiaztatzeko xedea” du. Horrek esan nahi du, bertan azaltzen diren zuzenketa teknikoak zehazteko eta burutzeko denborarik apenas ez litzatekeela izango, Arma Plaza Fundazioak egun horretan bertan jakinarazi baitzuen uztailaren 3tik aurrera bisita gidatuak egingo zirela. Halaber, agiriak onartzen du barkua ez zegoela bisita gidatuak jasotzeko prest, baina Arma Plaza Fundazioak egun berean eman zuen bisita gidatuen berri. Biharamunean eduki zuen Sustraiako boluntarioak istripua, bisitariak barkura igotzeko eskaileratik erorita.
Gainera, inplizituki, boluntarioak segurtasun baldintza nahikorik gabe lanean aritu izan zirela onartzen du txostenak, batetik, 2015 urteko abenduan proposaturiko neurri batzuk 2017ko udan burutu zirelako, eta bestetik, bitarte horretan Sustraia lanean aritu zelako. Halaber, egin beharreko beste hobekuntza batzuk egin ote ziren ez du aztertzen istripuaren bezperako data duen txostenak , “bisitatuko ez diren eremuetan daudelako”.
Abotsanitzek eta PPk fiskaltzen esku utzi dute gaia
Abotsanitz eta PP udal taldeek epaitegietako bidea hartu dute. Aholkularitza juridiko baten laguntzarekin, gutun bat helarazi diete Gipuzkoa, EAE eta Espainiako Estatuko fiskal nagusiei. Bertan, Mariñel-en gertatutakoaren kudeaketan ardura penalik egon ote den argitzeko eskatzen dute bi alderdiek.
Abotsanitzen bozeramaile Igor Enparanek argitu duenez, fiskaltzetara bidali duten testua ez da salaketa bat: “Daukagun informazio ezak kezkatuta, eta informazioa eskatu arren ukatua izan zaigula kontuan hartuta, dugun informazioa eta ditugun zalantzak modu arduratsuan, fiskaltzaren esku jartzea erabaki dugu”. Sinatzaileak fundazioko patronatu kide ere badira, eta gertatu direnetan ardura izan dezaketela onartu du PPko zinegotzi Joxemi Otxotekok: “Argi dago gauzak ez direla ondo egin, eta irregulartasunak egon daitezkeela ikusita, ezin dugu horren ez-egitezko konplize izan. Agian arduradunak ere bagara, patrono garelako, baina ezin gara isilik geratu, eta fiskaltzak erabaki dezala”.
Testua hiru fiskaltzetara bidali dute, Gipuzkoako, EAEko eta Espainiako Estatukoetara. Horrela, tramitera onartzeko aukera gehiago dutela uste dute: “Juridikoki berme gehiago izateko egin dugu, zerbitzu juridikoetatik hala egiteko gomendatu ziguten”, erantsi du Enparanek.
‘Mariñel’ arrantza ontzia, Itsas Etxea Auditoriumeko leihoan islatuta