Errespetatzen ez diren eskubideei dagokionean, arreta berezia jarriko du emakume nekazariek dituzten arazoetan.
Gazte Xaiak eta Mundubat gobernuz kanpoko erakundeak elkarlanean antolatuta, Arrea Elkarte Agroekologikoko kide den Ester Monterok hitzaldia eskainiko du gaur Hondarribiko Puntaleko eskola zaharrean, gazte asanbladaren aretoan, 18:00etan. Hainbat gai landuko ditu Monterok, denak nekazarien eskubideekin eta eskubide horien urraketekin zerikusia dutenak. Bere ustez, nekazarien eskubideen deklarazioak borrokarako eta justizia sozialerako tresna izan behar du.
Mundu mailako ikuspegia landuko du Arreako kideak, baina Euskal Herriko egoeraz ere mintzatuko da. Errespetatzen ez diren eskubideei dagokionean, arreta berezia jarriko du emakume nekazariek dituzten arazoetan.
Arrea elkartea Ekologistak Martxan plataformako kidea da, eta Gazte Xaiako hitzaldian eskutik joango dira nekazaritza eta ekologia, hala ulertzen dituelako Monterok. Elikagai subiranotasuna defendituko du eta, bide horretan, harremanetan jarriko ditu subiranotasuna, lurra eta haziak.