Ikasbasketek liderarrekin galdu du gogoratzeko moduko partidan
Lehen zatian hemezortzi puntu atera zizkion Tabirakok Hondarribiko taldeari. Bigarrenean, etxekoek hamasei durangarrei.
Express Hondarribia Ikasbasketek Tabirako Baque liderrarekin galdu zuen larunbatean Hondartza kiroldegian (63-65), Lehen Mailako lehen itzuliko azken partidan. Galdu zuten etxekoek, baina ozta-ozta ez zuen ezustekoa eman, atsedenaldian bizkaitarrek zuten 18 puntuko aldea irauli eta azken minutuan aurretik jarri eta gero. Bigarren zatia ez dute erraz ahaztuko berdeen zalek. Lehen laurdenean argi geratu zen bi taldeek elkarri errespetu handia ziotela. Defentsak ondo kokatu ziren hasieratik, eta lehen minutuetan saskiratze gutxi ikusi ziren. Laurdeneko azken minutuak biziagoak izan ziren eta bi taldeek aurkariaren hutsuneak baliatzen hasi ziren. 19nako berdinketarekin bukatu ziren lehen hamar minutuak. Bigarren laurdenean ikuspegia erabat aldatu zen. Durangarrek erraz gainditu zuten etxekoen defentsa, bai joko estatikoan, baita kontraerasoan ere. Liderra zergatik den erakutsi zuen Tabirakok, eta Ikasbasket ezezagun bat azaldu zen kantxa. 5-23ko partziala ezarrita, partida erabakita utzi zutela zirudien; 24-42 emaitzarekin iritsi zen atsedenaldia. Bigarren zatian, iraultza Baina aldagelatik beste Ikasbasket bat atera zen, zaleek ezagutzen dutena, edozein aurkari itotzeko gaitasuna duena, baita Lehen Mailako liderra ere. Sekulako grina erakutsita, eta kanpoko jaurtiketetan gehiago asmatuta, hirugarren laurdenean 5 puntura jarri ziren (45-50), 21-8ko partzialaren ondoren. Azken hamar minutuetan berdin jarraitu zuten, oso serio defentsan eta burua galdu gabe erasoan. Azken minutuan aurretik jarri ziren hondarribiarrak (62-61), baina ezin izan zuten partida itxi, eta bizkaitarrentzat izan zen garaipena. Cristina Gonzalez eta Nerea Saenz de Buruaga izan ziren etxekoen saskiratzaile onenak, 14na punturekin; Izaro Alzak 13 lortu zituen. Baina Ganix Miron entrenatzaileak talde lana nabarmendu zuen. Izan ere, bederatzi jokalarik lortu zuten punturen bat, eta saskiratu ez zutenek ere lagundu zuten defentsan nahiz erasoan. Tabirako Baque liderrak Ikasbasketen bertsio onena azalarazi zuen larunbatean Hondartza kiroldegian, eta, etxeko taldeak galdu zuen arren, Hondarribiko saskibaloi zaleek partida gogoangarria ikusteko aukera izan zuten. Logroñon Campus Prometeren kontra erakutsi bezala, talde handia dela erakutsi du Express Hondarribia Ikasbasketek liderraren kontra, eta argi utzi zuen, Lehen Mailan ere, edozeinen kontra irabazteko gaitasuna duela. Hurrengoa, bigarrenaren kontra Hurrengo jardunaldian etxean jokatuko du berriro Ikasbasketek, beste aurkari zail baten kontra. Lagunak Lakita sailkapeneko bigarrenak Hondartza bisitatuko du larunbatean, bigarren itzulia hasteko balioko duen partidan. Barañaingoek partida bakarra galdu dute orain arte, Tabirakoren kantxan puntu bakarragatik. Ohiko ordutegian jokatuko dute, 19:45ean.