Hainbat herrialdetako milaka txori bildu dira egunotan Jostaldin, Irungo Lagun Onak elkarte ornitologikoak antolatutako Fon-Feorcale lehiaketan.
Jostaldin elkartu diren askorentzat munduko txapelketa izango da hurrengo helburua
Hegaztien migrazio garai bete-betean gaudenean, txoriz bete da aste honetan Hondarribiko Jostaldi pilotalekua. 3.300etik gora txori sartu ziren astelehen eta asteartean, kanarioak, perikitoak, loroak, exotikoak… Ez ziren deskuidoan sartu, leihotik edo zuloren batetik. Nahita ekarri zituzten bertara, Irungo Lagun Onak Ornitologia Elkarteak Espainiako Estatuko iparraldeko federazioarekin (Fon) eta Gaztela-Leongoarekin (Feorcale) elkarlanean antolatutako Fon-Feorcale nazioarteko lehiaketarako.
Lagun Onak elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta urte biribilean Fon-Feorcaleren hirugarren ekitaldia antolatzeko aukera etorri zaio. Azpiegitura bila hasi ziren eta Hondarribiko Kultura zinegotzi Kalixa Silanesek aitortu du ez zutela zalantzarik eduki: “Estatuko lehiaketarik garrantzitsuenetakoa da hau. Munduko txapeldun izandako hazleen txoriak izango ditugu gurean”.
Asteburuan hasi ziren muntaketa lanak egiten, eta astelehen goizean txoriak iristen hasi ziren: hegaztiak jaso, lehiatzeko ezaugarriak betetzen zituztela ikuskatu, kaioletan gorde, janaria eta ura prestatu, estres maila zaindu… Astelehena eta asteartea horretan eman zuten. Herenegun eta atzo, aldiz, lehiaketarako izan ziren, eta gaurtik igandera publikoarentzako irekiko dituzte ateak.
Atzo arratsaldera arte lehiatu, eta gaurtik etzi eguerdira Hondarribiko frontoian ikus daitezkeen txorietako askok 2018ko urtarrilean Cesena hirian (Italia) egingo den Munduko Ornitologia Txapelketan parte hartuko dute. Txoriei dagokionez, maila itzela dago egunotan Jostaldin, eta maila hori neurtzeko epaileak ezin dira edonolakoak izan, nazioarteko tituludun epaileak dira, hamazazpi guztira.
Hamazazpi epaile
Kanario koloretsuena da parte hartzaile gehien biltzen dituen atala, eta hamar epaileren onarpena beharko du irabazleak. Jarrerako kanarioen atala epaitzeko hiru epaile elkartu dira, eta bana gainontzeko mailako sariak zein txorirentzat izango diren zehazteko. Espainiako eta Frantziako estatuetatik, Italiatik, Portugaldik eta Flandriatik etorri dira epaitzera.
Antonio Lara Gomez sevillarra da, eta kanario koloretsuen ataleko epaileetako bat da. Ez du lan erraza, ehunka txori ikuskatu behar baititu. Bere esanetan, egoera batzuk antolatzaileek zain ditzaketen arren (hezetasuna, argia…), beste batzuk ez dira hain erraz kontrolatzen: “Txori batzuk lasaiago daude beste batzuk baino, lasaiago daudenek gure lana errazten dute, parean dudan hau adibidez, lasai dago, ongi azaltzen da, urduri daudenek lan handiagoa ematen digute”.
Kontrakoa pentsa daitekeen arren, ederrenak ez duela irabazten azaldu du epaile andaluziarrak: “Kanario koloretsuen artean hainbat mutazio daude, mota desberdinak, mota bakoitzean estandar bat dago, eta estandar horri ahalik eta gehien gerturatu behar zaio txoria”. Hau da, ez du zertan politenak irabazi: “Txori hazlea egonezina izaten da, ni ere hazlea naiz eta halakoa naiz, eboluzionatzen saiatzen gara, gure gustuen arabera hazten ditugu txoriak, eta gustu horiek askotan estandarretik urruntzen dira”. Askotan gertatzen omen da txori bat estandarra baino ederragoa izaten dela, “baina estandarretik hurbil ote dagoen, hori da epaitu behar dena”.
Hortaz, irizpide objektiboak dira ornitologia lehiaketetan gailentzen direnak, eta zeregin horretan, beste lan bat izaten dute epaileek, tranpa egiten dutenak bereiztea: “Tranpak egon daitezke —onartu du Larak—, uste dena baino gutxiago, baina egiten dira, batzuk harrapatzen ditugu, beste batzuk ez”. Bere lanetik zati zailenetakoa hori dela onartu du epaile sevillarrak, “benetako makillatzaileak daude ornitologian”.
Irmotasuna, ezinbestekoa
Ornitologia zaleek txoriak hezten dituzte, baina hori baino gehiago da ornitologia, hazleek ahalik eta txori ederrena lortzea bilatzen dute. Edertasuna edo estandarrarekiko gertutasuna lortzeko gakoa ugalketan dago. Noski, txori gehiago dituenak aukera gehiago izango du ugalketan bilatzen duen emaitza emango dion bikotea lortzeko. Jostaldin bildu diren ornitologoak dozenaka, batzuk ehunka txoriren jabe dira.
Candido Marcellan donostiarrak urtean ehun bat txori hezten ditu, mota bakarrekoak denak,
phaeo hori mosaikodunak: “Hainbat mutazio genetikoren ondorio dira eta emaitza txori marroixka da, bizkarrean ozelo zuriak dituena, eta aurpegia horia”. Lagun Onak-eko kide da Marcellan, eta lehiaketa antolatzen laguntzera etorri da, baita lehiatzera ere. “Nire kategorian konpetentzia handia dago, baina esperantza badut zerbait egin dezakedalako”, adierazi du. Azaldu duenez, oso ohikoa da hezle batek txori mota bakarreko aleak edukitzea, eta berak urte asko daramatza soilik
phaeo horiekin lanean: “1994an ikusi nituen lehen aldiz, eta asko gustatu zitzaizkidan. Ale batzuk erosi nituen, eta ordutik, hogei urte baino gehiago eman dut mota horretako txoriak hezten”.
Bere ustez, txoriak heztea ez da lan zaila, baina irmotasun handia eskatzen du: “Konstantzia da zailena, zaletasun hau ez da arrantzara joatea bezalakoa, ‘orain arrantzara noa’ esan, tresnak hartu eta joan. Honetan ez, animaliak dira, uneoro zaintza behar dutenak”. Uneoro esaten duenean, egunero esan nahi du, “egunean ordu asko ez, baina egunero bai”.
Astelehenetik milaka txori daude Hondarribiko Jostaldin. Ez dira migrazioa egiten ari, eta ez dira oporretara ere etorri, lehiatzera baizik, haien artean ederrena zein den erabakitzera. Atzo arratsaldean bukatu zuten lehiaketa, baina asteburu pasa geratuko dira bertan. Gaur eta bihar 10:00etatik 20:00etara, eta etzi 09:00etatik 12:00etara, Jostaldiko ateak irekiko dituzte, herritarrek ere izan dezaten munduko txori ederrenetako batzuez gozatzeko aukera.