Irungo Lagun Onak Ornitologia Elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta Fon-Feorcale nazioarteko lehiaketa antolatu dute Hondarribian.
Irungo Lagun Onak Ornitologia Elkarteak 25 urte bete ditu aurten, eta Fon-Feorcale nazioarteko lehiaketa antolatu dute Hondarribian.
Josemi Benito, Jostaldin, kaiola multzo bat ikuskatzen
Noiztik zara txori zalea?
Txikitatik, lagun batek kanario bikote bat oparitu zidan eta hortik aurrera mundu honek harrapatu ninduen. Kanarioak dira ezagunenak, kanario horia eta gorria, baina espezie piloa dago, batzuk koloretsuak, beste batzuk jarrerakoak.
Zenbat ale dituzu egun?
Orain ez daukat kanariorik, orain burutxo beltzak ditut, Hego Amerikako espeziea da, 50 inguru ditut.
Denbora asko kentzen dizu txoriak zaintzeak?
Egunero zaindu behar dituzu, zaletasun honek hori du, egunero gutxieneko zaintza bat eskatzen duela, garbitu, elikatu…
Zenbat bazkide zarete Lagun Onak elkartean?
130-140 bazkide. Elkartea Irungoa da, baina eskualdeko jendea ere badago. Aurten 25 urte bete dira elkartea sortu zenetik.
Zer hobe ospatzeko, hau bezalako lehiaketa bat antolatzea baino?
Bai, lehiaketa handia da, nazioartekoa, hainbat herrialdetako epaileak etorri dira, estatu osoko txoriak, Frantziakoak, portugaldarrak… Maila handiko txori hazleak daude aste honetan Jostaldin.
3.300 txori zaintzeko, ez da edonolako erronka?
Ondo ateratzen bada eta ekitaldia arrakastatsua bada, elkarteari nolabaiteko ospea emango lioke, edozeinek ezin duelako honelako jarduera bat antolatu. Guk zortea izan dugu Hondarribiko Udalak Jostaldi pilotalekua gure esku jarri duelako.
Lekua inportantea da, frontoia, baina ez da nahikoa. Zer da zaindu behar duzuena?
Txorien osasuna da lehentasuna, eta horretarako hezetasun konstantea behar da, %65ekoa, eta tenperatura aldaketa handiak ez dira onak. Argi naturala garrantzitsua da, ez da argitasun handiegia behar, ugalketa zikloa alda daitekeelako, eta txoria estresatzen delako, baina bai behar da argi egoki bat. Gero epaileek beste argi bat behar dute, txoriak epaitzeko.
Antolakuntzan egin behar duzuen guztiaren artean, zein da lanik korapilatsuena?
Zaila ez da, baina astebetez 3.300 txoriren arduradun gara, eta hazle bakoitzarentzat txori bat haur bat bezalakoa da. Txori bat hiltzen denean min handia ematen digu. Horregatik, uneoro janaria eta ura zaindu behar dira, kaiolak ondo daudela, makilak erortzen ez direla, txoria lasai dagoela, hori guztia zaindu behar da. 08:00etatik 20:00etara bi pertsona daude denbora guztian kaiolak zaintzen.
Txori hazle batek zenbat txori aurkez ditzake?
Ez dago mugarik, baina txori guztiek Munduko Ornitologia Elkarteak homologatutako eraztuna behar dute. Ez gara zale soilak, federatuak gara, futbolean aritzen direnak bezala, gu ornitologian aritzen gara.
Elkarte antolatzaileko kideok parte har dezakezue lehiaketan?
Bai, epaileak dira parte hartu ezin dutenak, guk bai. Ni, esaterako, ari naiz, ekarri dudan txori bat beste hemeretziren kontra ari da lehiatzen bere azpimailan. Ea sariren bat jasotzeko zortea dudan.