Behobia korritzen duen jende asko artatzen du Unai Ortiz podologo hondarribiarrak. Asko gomendio eske joaten zaizkio; beste batzuk, minerako soluzio bila.
Behobia korritzen duen jende asko artatzen du Unai Ortiz podologo hondarribiarrak. Asko ibiltzen direnak gomendio eske joaten zaizkio; hasiberriak, minerako soluzio bila.
Unai Ortiz podologoa, Hondarribiko Portu auzoan duen kontsultan
Kirolari askorentzat Behobia-Donostia izaten da parte hartzen duten proba luzeena. Haien edo lehen aldiz maratoi erdia korritzen dutenen oinetan, zer kalte eragin dezake probak?
Horrelako lasterketa bat egiten denean, hogeita bat kilometro dira, kilometro dezente, oso inportantea da ondo prestatzea. Ezin duguna da urtean zehar ezer ez egin eta bat-batean Behobia korritu nahi izatea. Nahiz eta beste kirol batzuk egin, futbola, txirrindularitza… korrika egiteko prestatu behar gara. Zer sortu daitekeen? Tendoi-lesioak batez ere, hankazpiko faszitisa, Aquilesen tendinitisa, belaunekoa… Horiek gertatzen dira gorputza eta giharreak horrelako kirol bat egitera ez daudelako ohituta. Korrika egiterakoan gorputzak mugimendu bat askotan errepikatzen du, eta giharreak prestatuta ez badaude, elastikotasuna ondo landua ez badago, tendinitisa sortuko zaigu ia ziur. Lehenago oinarri bat egitea oso garrantzitsua da.
Orografiak eragiten al du, proba den bezalakoa, gorabeheratsua izateak?
Lesio bat sortzeko ez hainbeste. Gaintxurizketak %6ko aldapa izango du gehienez, ez da oso exajeratua. Bai eragiten du gorputza ezagutu eta zein erritmoan eta noraino korritu dezakezun ezagutu ala ez, eta hori errespetatu ala ez errespetatzeak.
Eguraldi txarra eta hotza espero da igandean. Askok nahiago izaten dituzte baldintza horiek lasterketa egiteko baina, oinentzat ere ona al da?
Oinentzako txarragoa da. Oina bustitzen bada mazerazio bat sor daiteke, azalaren geruza desberdinek igurzketa eragin dezakete eta, oina urarekin puztuta dagoenez, babak oso erraz sortuko dira. Bero asko egiten badu ere sor daitezke, izerdiagatik, baina normalena da euriagatik sortzea babak.
Eta, zer egin daiteke baben arrisku hori murrizteko?
Galtzerdi on bat erabili, algodoizkoa, xurgatzen duena. Eta talko-hautsak jarri, oinaren hezetasun tasa ahalik eta gehien mantentzeko. Euri asko egiten badu ezin da ezer ere egin, baina euria hainbesterako ez bada, hauts pixka bat eta galtzerdi on bat, soluzio ona izan daitezke.
Eta zein da egiten den akatsik handiena?
Zapatilak estreinatzea, hori sekula ez da egin behar, zapatilak erosi eta Behobian lehen aldiz jantzi, nahiz eta lehen zenuenaren berdinak izan, beti egon daiteke arazo bat hormarekin, materialarekin… oinetakoak beti probatu behar dira aurretik.
Eta azazkalak mozterako orduan kontuz ibili behar da, ez utzi izkinaren bat, euria eginez gero, oina mazeratzen bada, azazkala sartzea gertatu daiteke.
Helmuga pasatuta, zapatilak kendu eta zer egin behar da gorputzak jasan duen astindua arintzeko?
Estiramendu on bat egitea komeni da, hankazpiko faszia ondo estiratu. Ohituta ez dagoen jendeak oso erritmo baxuan korritzen du, eta kolpe asko ematen dizkio orpoari. Lasterketa eta gero hanketan bainu bat hartzea komeni da, bainu hotza, hatzetatik hasi eta belaunetaraino, zirkulazioa bueltatzeko. Eta estiramenduak, giharretako tentsioa jaisteko.
Zure kontsultara etortzen al dira Behobia dela-eta?
Gehienbat Behobia baino lehenago. Behobia baino hilabete eta erdi edo bi hilabete lehenago jende asko etortzen da.
Minarekin edo gomendio eske?
Bietatik. Asko ibiltzen den jendea ondo egon nahi duelako etortzen da, biomekanika estudioa egitera. Eta normalean ibiltzen ez direnak eta Behobiarako hasten direnak, lesioekin etortzen dira, fasziitisa, tendinitisa, metatarsalgiekin… ‘Behobia egin nahi dut eta zerbait egin behar didazu’, esanez etortzen dira, eta bi hilabete hauetan nahiko estresa izaten dugu, Behobiaz gain, gero Donostiako maratoia delako, eta jende dezente etortzen zaigu minekin.
Egokitu al zaizu norbaiti ‘ezin duzu parte hartu’esan behar izatea?
Bai, askotan gertatzen da. Jendea igual prestatzen da, ondo entrenatuta ere, baina korrika egitea kirol bortitza da, eta lesioak sortzen dira. Lasterketa minarekin korrituz gero lesio batzuek denbora askoz gehiago behar izaten dute sendatzeko, eta hori azaltzen diet. ‘Niri berdin zait, jarri nazazu infiltrazio bat eta korrituko dut’, esaten dute, ‘bale, jarriko dizut, baina ez da gomendagarria’. Batzuek nola edo ahala korritu nahi dute, eta aurrera jarraitzen dute, beste batzuek hobeto pentsatu eta hurrengo urterako uzten dute. Urtero bizpahiru pertsonari esaten diet ‘ez zenuke korritu beharko’, eta normalean kasu egiten dute.
Probaren ondoren etortzen direnak, zerrekin etortzen dira?
[Azkar erantzun du] Azazkalekin, asko eta asko. Nik uste ohitura dugula behar duguna baino oinetako motzagoak erabiltzeko, eta hematomak sortzen dira, kolpeen eraginez azazkala atera egiten delako. Nik egiten diedana da azazkaletan zulotxo bat, presioa jaisteko, eta asko arintzen die horrek. Sendatzeko nahiko erraza da, baina norberak zuloa egitea ez da erraza, eta hona etortzen dira.
Guk beti gomendatzen dugu behatz luzeenetik zentimetro bat edukitzea zapata bitarte, behatzek lekua behar dutelako. Lokarria ondo estutu behar da, eroso egoteko, baina behatzek lekua izan dezatela.