Hondarribiarrek ligako bigarren garaipena lortu zuten asteazkenean, zazpigarren jardunaldiari zegokion aurreratutako partidan.
Il Capo Hondarribia Eskubaloiak ligako bigarren garaipena lortu zuten hilaren 1ean Gasteizen, Limpiresol Corazonistas taldeari 17-25 irabazita. Garaipenak, talde gasteiztarra aurreratzeko balio izan die hondarribiarrei, eta sailkapeneko erdialdean kokatzeko (
sailkapena). Emaitza oso inportantea da, gehiago kontuan hartzen bada Javi de la Hazak ez zituela jokalari asko partidarako; bigarren taldeko hiru jokalarik eta Gazte Mailako taldeko beste batek bidaiatu zuten lehen taldearekin Gasteizera.
Lehen zatia parekatua izan zen, etxekoak aurreratu ziren, baina Il Capok buelta eman zion markagailuari eta atsedenaldira abantaila txikiarekin joan ziren berdeak (11-13).
Jarraipenean hondarribiarrek defentsa asko estutu zuten, Corazonistasentzat gaindiezinezko harresi bilakatzeraino; gasteiztarrek sei gol sartu zituzten bigarren ordu erdian, bakarra azken hamar minutuetan. Gainera, ohi baino kanporatzen gutxiago izan zituen taldeak eta horrek kontzentrazioa uneoro mantentzen lagundu zion. Gasteiztarrek, aldiz, ez zuten burua hotz mantentzen jakin, eta etsita bukatu zuten norgehiagoka.
Iñigo Gomez izan zen hondarribiarren artean onena ateari begira, 10 golekin. Asier Satrustegik eta Javier Zamarreñok launa sartu zituzten.
Hurrengoa, etxean
Hurrengo partida etxean jokatuko dute berdeek, Deustu Loiolaren kontra. Donostiarrek partida bakarra irabazi eta gainontzeko guztiak galdu dituzte, baina egutegi oso zaila izan dute eta talde indartsuen kontra oso lehiakor azaldu dira. Hortaz, bere bertsio onena azaldu beharko erakutsi beharko du Il Capo Hondarribiak igandean, bi puntuak etxean geratzea nahi badu.