Hondarribiko taldeak laugarren garaipena segidan lortu du Beasainen. Larunbatean Tabirako Baque liderrak bisitatuko du Hondartza kiroldegia.
Express Hondarribia Ikasbasket taldeak ligako laugarren garaipena lortu du segidan. Beasaingo Antzizarren jokatu zuten larunbatean eta hondarribiarrek ez zuten arazorik eduki sailkapeneko azkena Arri BKL menderatzeko. Azken emaitzak (51-95) argi erakusten du bi taldeen arteko aldea zein den.
Hala ere, hirugarren laurdenera arte ez zen gai izan Ikasbasket bere nagusitasuna adierazteko. Bederatzigarren minutura arte atzetik joan ziren, eta atsedenaldira 24-35eko emaitzarekin iritsi ziren bi taldeak.
Aldagelatik bueltan bai, Ikasbasket taularen azpiko jaun eta jabe egin zen, erritmoa bizitu zuten eta erraz saskiratzen hasi ziren, 20 minututan 60 puntu lortuz —12-30 eta 15-30 azken bi partzialak—.
Beste behin, Jennifer Zelaieta izan zen hondarribiarren saskiratzaile onena, 20 punturekin; Cristina Gonzalezek eta Maddalen Arruabarrenak 17na lortu zituzten.
Liderraren bisita
Kanpoan bi partida jarraian jokatu eta gero, hurrengo bi jardunaldiak etxean izango ditu Ikasbasketek. Bere maila zein den neurtzeko balioko dute bi hurrengo partidek, sailkapeneko aurreneko bien kontra jokatuko baitute (
sailkapena). Hurrengo larunbatean Tabirako Baque liderrak bisitatuko du Hondartza kiroldegia. Ohiko ordutegian jokatuko dute, 19:45ean.
Hurrengo partida liderraren aurka jokatuko du Express Hondarribia Ikasbasketek