Beldurraren Pasabidea egingo dute bihar Ficoba, lehen aldiz gai bati lotuta. Hondarribian, nerabeek Izuaren Etxea bisitatzeko aukera izan zuten asteartean.
Ausarta izan behar da bihar Irungo Ficoba erakustazokara joateko, oso ausarta. Deabruak izeneko hotela bilakatuko dute Ficoba, eta edozer gerta daiteke bertan prestatuko duten 200 metroko ibilbidean. Santiagoko Deabruak kultur elkarteak hamalaugarrenez antolatu du
Beldurraren Pasabidea, eta abisua eman du badaezpada: “Jarduera ez da egokia izango 6 urtetik beherakoentzat, haurdun daudenentzat, eta hipertentsioa edo bihotzeko arazoak dituztenentzat; efektu bereziak egongo dira pasabidean, eta sentiberatasuna mindu dezakete horiek, txikienena batik bat”.
Urriaren 30etik, 2 euroan ari dira saltzen sarrerak, Amaia Kultur Zentroan, 17:30etik 19:30era. Gaur sarrera guztiak amaituko ez balira —aurreko bi urteetan amaitu egin ziren—, bihar Ficobako leihatilan salduko lituzkete, 17:45etik aurrera. Hainbat saio egingo dituzte, eta zein saiotarako den zehaztuta dago sarrera bakoitzean. “Ikuskizuna arintzeko egiten dugu horrela, lerroak sor ez daitezen”, nabarmendu du Jose Mari Clemente elkarteko presidente eta argiztapen eta efektuen arduradunak. Izan ere, aurreko ekitaldietan 2.000 bisitari baino gehiago eduki ditu jarduerak.
Kalean egin zituzten lehen ekitaldiak, Dunboako bidegorrian, Bidasoa ibaiko irlen parean. Lekua paregabea zen bila zebiltzan efektua lortzeko, baina, noski, betiere, eguraldia lagun izanez gero. Askok pena hartu zuten Ficoban egiten hasi zirenean, baina askoz baldintza hobeak dira antolakuntzarako, eta, emaitza ikusita, jada inor ez da gogoratzen Dunboako inguruarekin.
Aurten, hamabost urte bete ditu Santiagoko Deabruak-ek, eta, horregatik, berezia izatea erabaki dute. Orain arteko ekitaldietan ez dute landu gai zehatzik; beldurrezko askotariko egoeren bilduma izaten zen pasabidea. Baina aurten bai, aurten gai bat hartu dute lotura bezala, eta Deabruak izeneko hotela irudikatuko dutela kontatu du Maika Azkue jarduerako pertsonaia, makillaje eta atrezzo arduradunak: “Ikuskizun monografikoa prestatu dugu, guztiz berria, pertsonaia berriekin; girotzea ere eraldatuta dago guztiz, eta efektu berezi gehienak ere berriak dira”. Autoak aparkatzen dituen langilea, mandatuak egiten dituena, harrerakoa, garbitzaileak, sukaldariak… 30 bat pertsonaia prestatu dituzte, eta beste hogei ari dira bihar arratsalderako dena antolatzen. Astebete behar izan dute muntaketa lanetarako, eta hilabete osoa pertsonaiak, atrezzoa eta gainerakoak prestatzeko.
Ikuskizuna erabat berrituta, beldurtzeaz gain, harritzea ere bada helburua: “2.000 pertsona sartzen dira”, azaldu du Azkuek. “Baina asko ez dira iristen bukaerara, eta hori bilatuko dugu aurten ere, ez daitezela bukaeraraino iritsi”.
Elkarteko presidentearen hitzetan, biharkoak “ez du itxura onik” bertaratuko direnentzat, baina bera ez da etxean geratuko, eta herritar guztiak animatu ditu Ficobara joan “eta beldurrarekin gozatzeko”. Autoz joaten direnek erakustazokako aparkalekuan utzi ahal izango dute, doan. Topoak, berriz, Ficoba ondoan dauka geltokia.
Hondarribian, Izuaren Etxea egin dute
Gaztelekuko beteranoak, asteartean, Izuaren Etxea hasi aurretik
Irunen biharko prestatzen ari direnaren antzeko egitasmoa egin zuten Domu Santu egunaren bezperan Hondarribiko Saindua udal gaztelekuan. “Baina gure neurrira”, zehaztu du Aitor Irastorza zentroko arduradunak. Izuaren Etxea da jardueraren izena, eta, aurten, zinema areto bihurtu dute Saindua: bost eremutan banatu zuten beheko solairua, eta beldurrezko film bati zegozkion mozorro, makillaje eta atrezzoa prestatu zuten bakoitzerako —Paranormal activity, Exorzista, Chucky deabruzko panpina, It eta The Walking Dead ziren bost filmak—. 15-16 urtekoek antolatu zuten ekimena, eta 12-16 urtekoak izan zituzten bisitari. “Belaunaldien arteko erreleboa egitea da helburuetako bat”, adierazi du Irastorzak. “Gaztelekuko zaharrenek gazte guztiei zerbitzua eskaintzea bilatzen dugu, aisialdi hezitzailean inplika daitezen”.
Urri osoa behar izaten dute Izuaren Etxea prestatzeko, baina gaztelekuko gainerako jarduerak kaltetu gabe. “Hilabete eta erdi lehenago hasten gara gaztelekura etortzen diren gazteekin aukerak aztertzen; zeintzuk dauden prest ikusi, gaia aukeratu…”. 15-16 urteko hamahiru gaztetxo sartu dira aurten, aurreko urteetan bisitari gisa aritutakoak. Hutsetik hasi behar izan dute lanketa: proiekzioak, makillaje tailerrak… eta bilera asko. Denbora, hori da gazteek sobera izaten ez dutena: “Aurretik daude eskola eta euren konpromisoak, argi eduki behar dute hori; Izuaren Etxea ezin da aitzakia izan klasera, entrenamendura edo beste konpromisoren batera ez joateko”.
Urriaren 31n, arratsaldez egin zuten beldurrezko ibilbidea Hondarribiko Sainduan, hiru orduz, bisitariak seiko taldetan banatuta; 300 bat gaztetxok egin zuten Sainduko beteranoek prestaturiko ibilbidea. Irastorza gustura zegoen jarduera bukatuta: “Ondo atera da dena; ez da izan kalte fisikorik, baina argiak pizterakoan zenbatuko ditugu kalte materialak”. Oso pozik bukatu zuten gazteek eurek ere, izutzeko ardura zutenek nahiz beldurra pasatzera joan zirenek. Hilabete eman dute Sainduan izua nola eragin ikasten, eta ondo gainditu dute azterketa.