Kopa eta Abarka jatetxearen artean 320 metroko bidegorri zatia eraikitzen hasi dira gaur. Udalaren eta Balaztaren elkarlanaren fruitua da.
Bidegorri sarea osatze aldera, Kopa eta Abarka arteko zatia eraikiko du Hondarribiko udalak gaurtik. 320 metroko zatia izango da, Baserritar etorbideko eta Jaizkibel hotel pareko biribilguneak lotuko dituena, bi metroko zabalerakoa eta bi norabidekoa. Mugikortasun zinegotzi Kalixa Silanesek jakinarazi duenez, Balazta Bidasoako Bizikletaren Aldeko Plataformarekin elkarlanean adostu dute zati hori.
Hilabete luzatuko dira lanak eta, zor daitezkeen eragozpenen aurrean herritarrei zuzendu zaie mugikortasun zinegotzia: “Jakin badakigu bizilagunen artean ondorioak ekarriko duela, hori dela eta aurretiaz barkamenak eskatzen dizkiegu. Hiriko bidegorri sarea osatzeko urrats berria ematen dugu honekin. Ez da gai erraza, txirrindulari, oinezko, auto-gidari eta bizilagunen arteko interesen oreka bilatu behar baita, beti ere hiri antolamenduaren irizpideak segituta”.
Gaur hasi dira lanak eta horrek eragina izango du trafikoan, baita bihar ere: “Zorua manipulatzeko makina erabiliko da eta, honek inguruko autoetan kalterik ez eragiteko, ezingo da bertan aparkatu —azaldu du Silanesek—. Lehenengo bi egunetan trafiko mozketak egon daitezke bi biribilguneen artean”.
Bidegorria bi norabidekoa izango da, bi metro zabalerakoa