Etxeko lasterketarik politena, etxekoentzat
Iker Oliverik eta Claudia Behobidek irabazi dute IV. Beñat Elzo Mendi Lasterketa. 217 korrikalarik amaitu dute proba.
Etxeko bi korrikalarik irabazi dute etxeko lasterketarik politena. Iker Oliveri, mutiletan, eta Claudia Behobide, nesketan, izan dira IV. Beñat Elzo Mendi Lasterketako garaileak. Iazko irabazle berberak izan ditu, hortaz, duela bost urte gaurko egunez hil zen kirolari hondarribiarra omentzeko balio duen probak. Oliverik 40 minutu eta 41 segundo behar izan ditu 10.750 metroko ibilbidea osatzeko; Behobidek 48 minutu eta 21 segundoan osatu du proba. Markak ez dira onak izan, eguraldiak ez duelako horretan lagundu; bero gehiegi izan da, batez ere mendi aldean. Oliverik ia lasterketa osoa egin du bakarrik, kai berriko maldan utzi du atzean Joxe Amunarriz herrikidea. Pixkanaka-pixkanaka tartea handituz joan da, helmugan minututik gorako tartea lortzeraino. Hatzekin zerura keinu eginez sartu da Oliveri helmugan, garaipena Erlaitz Mendi Elkarteko mugalari-ari eskainiz. Amunarriz kontent geratu da bere lehenengo parte hartzean bigarren postua lortuta (41:51). Hirugarren Mikel Albeniz donostiarra sartu da (43:04), lehen bi ekitaldietako irabazlea. Nesketan nagusitasun handiz irabazi du Behobidek, lehen metroetatik ihes eginda. Bere atzetik Marina Gonzalez irundarra helmugaratu da (49:18), eta hirugarren Vanessa Pelaez andoaindar gaztea (50:20). Orotara, 217 korrikalari iritsi dira helmugara. Probaren aurretik, eta ibilbide beretik, 600 laguneko mendi martxa egin dute, eta mendi lasterketaren ondoren familien proba, 1,5 kilometrokoa. Bildutako diru guztia Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartearentzat izango da.