Ohi bezala, trafikoa aldaketak egingo dira azaroaren 1ean Hondarribiko hilerri inguran; udaltzainek zuzenduko dute trafikoa.
Hondarribiko hilerria, gaur arratsaldean
Azken urteetan Domu Santu Egunean egin ohi den bezala, trafiko aldaketak izango dira bihar (azaroak 1) Hondarribiko hilerri inguruan, bertara hurbildu nahi duten guztiek iristeko aukera izan dezaten.
Hilerrirako igoera bakarrik Gabriel Arestitik egingo da, Abarka ondoko biribilgunetik gora eginez; irteera, aldiz, Torreko Aldapatik, Labreder aldetik.
Hondarribiko Udalak jakinarazi duenez, udaltzainak izango dira inguruan, trafikoa bideratzen eta azalpenak emanez.
Musika hilerrian
Egun berezia izaten da Domu Santu Eguna, eta eguerdian Hondarribiko kanposantura igotzen direnentzat bereziagoa izango da. Izan ere, Nessun Dorma taldeak laguntzarako kontzertua eskainiko du kanposantuan, 12:30etik aurrera. Pieza klasikoak (Mozart, Schubert, Bach, Pachelbel) eta modernoagoak (Lete, Laboa…) interpretatuko dituzte, Domu Santurako Egunerako propio hautatuak.