Genero indarkeriaren aurkako protokoloa onartu dute, baina beste agiri batzuen zain geratuko da idatzia. Tirabira asko izan dira urriko plenoan.
Hondarribiko udal gobernuaren eta oposizioaren arteko dibortzioa agerian geratu zen ostegunean, urriko ohiko osoko bilkuran. Udal taldeek adostasunera iristeko gaitasun eza erakutsi zuten, eta zenbait gai bitan bozkatu behar izan ziren, udal gobernuak oso desberdinak ez ziren testu alternatiboak aurkeztu zizkielako oposizioko taldeek proposatutakoei.
Besteak beste, Muliaten eraikitzen ari diren plaza
Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandanteari eskaintzea, genero indarkeriaren aurkako protokoloaren lanketa abiatzea,
Kataluniako prozesua babestea, eta Hiri-lurren balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga Arautzen duen Ordenantza Fiskala aldatzea erabaki zuten bilkuran. Azken honetan, tarifa %1 murriztea erabaki zen, aldundiak ezarritako ondoriozko katastro balioaren igoera konpentsatzeko.
Protokoloak itxaron beharko du
Plenoko erabaki garrantzitsuena genero indarkeriaren aurkako protokoloa onartzea izan zen, hutsune bat betetzera datorrelako.
Abotsanitzen ekimenez onartu zen dokumentua, nahiz eta bere proposamena ez zen aurrera atera. Hondarribiaren antzerako ezaugarriak dituzten beste herrietako adibideetan oinarrituta, Genero Indarkeria eta Sexu Erasoak Ekiditeko Udal Protokoloa aurkeztu zuen Abotsanitzek, EH Bilduren eta zenbait eragileren ekarpenak jaso eta gero. Aurkeztutako testuak gainontzeko alderdien onarpena izan zuen, baita udal gobernuarena ere, baina EAJk kontra bozkatu zuen. Txomin Sagarzazu alkateak argitu zuen jeltzaleen jarrera: “Lan hori baliagarritzat jotzen dugu hain gai garrantzitsuan lanean jarraitzeko, baina gure ustez horrekin batera beste zenbait agiri batu behar dira, baita kanpo aholkularitzaren lana ere”.
Hortaz, Abotsanitzen testua ez zen onartu, oposizioko alderdi guztiek alde bozkatuta ere, EAJk gehiengo absolutua baliatu zuelako. EAJk aurkeztutako testu alternatiboa, aldiz, aurrera atera zen, jeltzaleen eta Abotsanitzen botoekin, eta gainontzekoen abstentzioarekin. Ikusteke dago protokoloak hartuko duen bidea, baina oposizioaren aurpegiak ikusita, Hondarribiko plenoak aukera bat galdu zuela zirudien, alkateak aipaturiko beste agiri horien zain geratu beharko duelako protokoloak. Kontuan izanik gaiaren garrantzia, eta alderdi guztiek norabide berdinean bogatu nahi dutela, ez legoke gaizki gaia lantzeko gobernuak oposizioaren laguntza onartzea, asko atzeratzen ari den prozesua baita —2015eko abenduan onartu zen aho batez protokoloa lantzea—.
Mozioetan, Altsasu eta Katalunia
EH Bilduk mozioa aurkeztuta, Altsasuko gertakarien inguruan ere eztabaidatu zuten ostegunean. 2016ko urriaren 15ean taberna batean lanordutik kanpo zeuden bi guardia zibilekin liskar batean parte hartzeagatik 375 urteko zigorra eskatu du fiskaltzak Altsasuko zortzi gazteren kontra, terrorismo delitua egotzita. Mozioak, “erabateko desadostasuna azaltzea Fiskalak eskatutako zigorrekiko, kasuan hartu duen izaera neurrigabe eta zentzugabearen aurrean kezka handia azaltzea, eta Iruñeko Auzitegi Probintzialean egitea epaiketa” eskatzen zuen. EAJk, Abotsanitzek eta EH Bilduk alde bozkatuta eta kontrako botorik gabe —PSE eta PP abstenitu ziren—, mozioa onartu zuen plenoak.
Gutxi baina izan ziren aho batez onarturiko gaiak. Esaterako, Talaia eskolan egin diren lan batzuengatik obra-lizentziari %95eko hobaria egitea, interes bereziko obratzat hartu zelako. Saregileentzat kofradiak sorturiko eraikinarentzako ere onartu zen hobaria, baina EH Bildu eta PP abstenitu ziren, beste arrazoiren artean, onuraduna erakunde pribatua izanik zalantza zutelako.
Sasetari plaza eskaintzea ere aho batez onartu zuten udal ordezkariek. Hortik aurrera, adostasun gutxi, eta zenbait gaietan tentsio uneak bizitu ziren, batez ere galdera eta erreguen atalean.
Kirolzerren finantzazioaz
Polemika handia piztu zuen gai bat diru-laguntza izendunena izan zen. Udalak aurreko urteetan Hondartza kiroldegia kudeatzen duen Kirolzer enpresari eman nahi zion diru-laguntza kontu epaitegiak atzera bota eta gero, kiroldegia kirol elkarteen bidez finantzatzea proposatu zuen udal gobernuak, hau da, orain arte kiroldegia erabiltzeagatik ordaintzen ez duten Hondarribia FEri, Bidasoa Atletiko Taldeari, Hondarribia Ikasbasketi, Bidasoa XXI igeriketa klubari eta Hondarribia Eskubaloiari 308.518 euroko diru-laguntza izenduna ematea, diru horrekin kiroldegia erabiltzeko gastuak ordaindu ditzaten. Txomin Sagarzazu alkateak onartu zuen aurreko akatsa zuzendu nahi zutela horrela: “Ez genuen behar bezala egin, eta legeak eskaintzen duen aukera da hau”.
Abotsanitzeko bozeramaile Igor Enparanek gogorarazi zuen “orain arte ez dutela ordaindu behar izan”, eta erabaki hori legezkoa ote zen zalantzak agertu zituen. EH Bilduko Karlos Gebararen iritziz, “enpresa ezberdinen arteko konpetentzia gabezia” egon liteke, Kirolzerrekin batera konkurtsora aurkeztu ziren beste enpresei ez zitzaielako aukera hau eman. EAJk, PSEren eta PPren babesa izan zuen bozketan; oposizioko bi alderdi nagusiek ez zuten bozketan parte hartu nahi izan, lege mailako zalantzak medio.
Orotara, lau orduz luzatu zen urriko plenoa, horretarako arrazoi handirik zegoenik ez zirudien arren. Gai-zerrendako puntuak aztertu eta gero, galdera eta erreguen atalean, oposizioak zenbait zalantza aireratu zituen, aurretik onarturiko eta berretsi ez diren erabakiez, aurrekontuetan argi berdea jaso eta burutu gabeko proiektuez, eta abar.