Jennifer Zelaietak azken minutu erdian lortutako bost puntuei esker ligako hirugarren garaipena jarraian lortu dute hondarribiarrek.
Express Hondarribia Ikasbasket taldeak ligako hirugarren garaipena lortu zuen larunbatean Logroñon, Campus Promete taldeari 60-61 irabazita. Azken laurdenera 8 puntu azpitik iritsi ziren hondarribiarrak, baina azken segundora arte garaipenean sinistu zuten.
Bi taldeek oso ondo ezagutzen dute elkar —iaz Bigarren Mailan aritu ziren biak— eta hortzak estuturik hasi zuten lehia. Lehen laurdenean defentsa bikain landu zuten hondarribiarrek eta 15-14ko emaitzarekin itxi zuten lehen partziala. Baina bigarren laurdenean errioxarrek Ikasbasketen harresia zulatzen asmatu zuten, saski azpitik saskiratze errazak lortuz eta kontraerasoan asmatuz. Ganix Mironen neskek ez zuten burua galdu, baina atsedenaldira 8 puntu azpitik joan ziren (37-29).
Lehen Mailari neurria hartu dio taldeak
Aldagelatik indarberrituta atera ziren hondarribiarrak, eta kontrako aldea murrizten hasi ziren, baina defentsa akats batzuen ondorioz, 8 puntuko aldea berreskuratu zuen Campus Prometek (50-42). Hamar minuturen faltan zortzi puntu gainditzeko, erronka zaila zirudien, baina, hirugarren laurdenean bezala, lehen minutuetan laura jarri zen Ikasbasket. Nekea nabaria zen bi taldeetan, eta etxekoak urduritzen hasiak ziren. Minutu erdia falta zenean Jennifer Zelaietak hirukoa egin zuen partida berdintzeko. Hurrengo erasoan falta egin zuen taldeak, eta Prometek tiro libre bakarra sartu zuen, puntu bat aurretik jarriz. 9 segundo falta ziren eta Zelaietak zelai osoa zeharkatu zuen ahur-palaz saskiratzeraino (60-61). Errioxarren jaurtitzeko aukera izan zuten, baina emaitzarik gabe.
Ikasbasketen entrenatzaileak jokalarien lana goraipatu zuen garaipenaren ostean: “Ez dituzte inoiz besoak jaitsi, denbora guztian sinistu dute garaipena lor zezaketela, eta lortu dute”. Jennifer Zelaieta izan zen Ikasbasketen onena erasoan, 19 punturekin; Cristina Gonzalezek 9 lortu zituen eta Saray Arozenak 8.
Larunbatean Beasainen
Datorren larunbatean ere kanpoan jokatuko du Hondarribiko taldeak, Beasaingo Anzizarren, Arri BKLren kontra. Orain arteko partida guztiak galdu dituzte eta, zaletuen aurrean, itxura ona eman nahiko dute beasaindarrek. Ikasbasket taldeak, aldiz, goiko postuetan finkatzeko balioko liokeen garaipena bilatuko du (
ikusi sailkapena).