Kandido Saseta plaza, izen hori izango du Muliateko babes ofizialeko bigarren promozioko etxebizitza multzoan sortuko den eremu publikoak.
Muliate II-ko etxebizitzen parean ari dira Kandido Saseta plaza eraikitzen
Kandido Saseta plaza, izen hori izango du Muliateko babes ofizialeko bigarren promozioko etxebizitza multzoan sortuko den plazak. Atzo eztabaidatu zuten osoko bilkuran eta, asteazkenean
HITZAk aurreratu zuenez, Euzko Gudarosteko komandante hondarribiarraren izena proposatu zuen udal gobernu taldeak. Alderdi guztien babesa jaso zuen.
Arantza Rojok aurkeztu zuen proposamena. Aurten Saseta hil zutela 80 urte bete direla gogorarazi zuen, eta hainbat ekitaldi antolatu izan direla herrian,
omenaldiak hilerrian, Arma Plazako
erakusketa, 36ko Gerrari buruzko hitzaldia paradorean… Zinegotzi jeltzaleak gudalburu hondarribiarraren eta bere aginduetara izan zituen gudarien konpromisoa nabarmendu zuen: “Demokrazia eta askatasunaren alde oso denbora zailetan borrokatu ziren”. Horregatik, Muliate II-ko etxebizitzen parean sortuko den eremuari Sasetaren izena jartzeko ahalik eta babes handiena eskatu zuen Rojok plenoan, belaunaldi berriek Saseta nor zen eta zer egin zuen jakin dezaten. “Oroimena zaindu eta transmititu behar da”, gaineratu zuen.
Aho batez onartu zen Biteri kaleko plaza berriari Euzko Gudarosteko komandantearen izena jartzeko proposamena. EAJk, Abotsanitzek, EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk, udal talde guztiek bozkatu zuten alde.
Bozketaren aurretik Abotsanitzeko bozeramaile Igor Enparanek denbora luzez Sasetaren Aldeko Taldeak egindako lana goraipatu zuen, urtetan ikertu eta gero Sasetaren gorpuzkiak non zeuden aurkitu eta Euskal Herriratzeko tramiteak egin baitzituzten 2013 urtean (
irakurri orduko erreportajea).