Endanean Halloweeneko kalabazak prestatuko dituzte larunbatean, eta SantaMariaMadalenan goxoki beldurgarriak igandean. Izuaren Etxea ia prest daukate.
Gau Beltzerako prestatzen hasi dira hondarribiarrak. Ia ezer ez da falta Domu Santurako eta bezperaren zain daude asko, batez ere gaztetxoak, ahalik eta susto gehien nola eman pentsatzen.
Izuaren Etxea hilaren 31n egingo dute Sainduan, 17:00etatik 20:00etara. Hilabete osoa daramate jarduera antolatzen eta aurten
Paranormal activity,
Exorzista,
Chucky deabruzko panpina,
The Walking Dead eta
It filmak aukeratu dituzte gai bezala (
irakurri erreportajea). 12 eta 18 urte bitarteko nerabe eta gazteek bisitatu dezakete arimen gauean Izuaren Etxea. Hori bai, bertan gertatzen zaiena euren ardura izango da.
Izuaren Etxea izango da heldu den asteko ekintza beldurgarriena, baina ez da bakarra izango. Esaterako, azaroaren 1ean, asteazkena, arratsalde beldurgarria antolatu dute Mendeluko auzo elkartean. Joan den astean saguzarrak sortzen ikasteko tailerra egin zuten Mendelun eta asteazkenean mozorro festa eta mendaria egingo dute, 17:00etatik 20:00etara.
Horren aurretik, beste bi tailer antolatu dituzte Hondarribian asteburu honetarako. Jaitzubiko Endanea Gardenen
Halloweeneko kalabaza tailerra egingo dute larunbat arratsaldean, bi txandatan. Eta igande goizean,
goxoki beldurgarriak prestatzen ikasiko dute Santiago kaleko SantaMariaMadalena Arte tailerran, Legamia goxodendaren laguntzarekin.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda