Larunbaten Lehen Mailako bigarren garaipena lortu zuen Hondarribiko taldeak etxean. Campus Promete izango dute bihar aurkari.
Express Hondarribia Ikasbasketek Gernikaren KESB taldearen kontra irabazi zuen aurreko larunbatean (56-44), eta Lehen Mailako bigarren garaipena eskuratu zuen horrela. Etxekoek talde indartsua zuten aurrean, eta bi baja garrantzitsu: Nerea Saenz de Buruaga —aurreko partida Ikasbasketeko saskiratzaile onena, 18 punturekin— eta Leire Izagirre.
Defentsa, errebotea eta baloirik ez galtzea, hori zen irabazteko formula, helburu horrekin kantxaratu zen Ikasbasket, eta ondo bideratu zuen lehia, hasteko 8 puntuko aldea lortu baitzuen (15-7). Baina lehen laurdeneko azken minutuetan bizkaitarrek presioa handitu zuten, eta saskia errazago ikusten hasi ziren. Lehen laurdena estu bukatu zen, 17-15 Ikasbasketen alde.
Etxekoak faltaz nahi baino kargatuago zeudela hasi zen bigarren laurdena. Gernikak hori baliatu zuen defentsa estutzeko, eta partida haien alde puskatu zuten. Atsedenaldira lau puntu aurretik joan zen Gernika (25-29), eta okerrago izan zitekeen lehen zatiko azken minutuetan Ikasbasketek erreakzionatu izan ez balu. Azken minutu horiei esker bigarren zatira bizirik iritsi zen Hondarribiko taldea.
Bigarren hogei minutuetan irabazi zuen partida Ikasbasketek. Ganix Miron entrenatzailearen hitzetan, “defentsa ikusgarria eta errebotea ixteko lan itzelari esker”, 15-4 partziala egin zuten etxekoek, markagailuan gainetik jarri eta aldea handitzen hasi ziren. Hirugarren laurdena lau puntu azpitik hasi zuten, eta zazpi gainetik bukatu. Laugarren laurdena ere hondarribiarrentzat izan zen, eta ligako bigarren garaipena eskuratu zuten hondarribiarrek euren zaletuen aurrean. Irabazi eta ondo jokatuz gainera, gehiago ezin da eskatu.
Cristina Gonzalezek eta Jennifer Zelaietak 11a puntu lortu zituzten, eta Maddalen Arruabarrenak 9.
Errioxara, hirugarrenaren bila
Bihar (larunbata) Logroñora bidaiatuko du Hondarribiko taldeak, Campus Prometeren kantxan jokatzeko. Elkar oso ondo ezagutzen dute, iaz Bigarren Mailan aritu baitziren elkarrekin. Momentuz antzera dabiltza maila berrian, lehen lau jardunaldietan bina partida irabazi eta bina galdu baitituzte (ikusi sailkapena).
Ematen du maila berrira ondo egokitu dela Hondarribia Ikasbasket (arg: Jull Roc)