Elkartasuna baldintzarik gabe
Mirentxin gidari taldeak 18 urte egin ditu presoak eta senideak gerturatzen. Egungo gidariak eta izan direnak elkartuko dira azaroaren 4an, lehen aldiz.
Hemezortzi urte bete ditu Mirentxin furgoneta gidarien Oarso Bidasoko taldeak. Azaroaren 4an urte hauetan guztietan ibilitako boluntarioak elkartuko dira lehen aldiz, egindakoa balioan jarriz.
Hemezortzi urte errepidean, hemezortzi urte gauez gidatzen, hemezortzi urte euskal presoen senideak eta lagunak, eta presoak gerturatzen. Adinez nagusi egin da Mirentxin Gidariak elkartasun taldea, eta Oarso Bidasoko kideek ospatu egin nahi dute. Espetxeetara bidaiatzen hasi zirenetik lehen aldiz elkartuko dira azaroaren 4an Egi Luze sagardotegian (Errenteria-Oreretan), elkarrekin bazkaltzeko. Proiektua sustatzen laguntzeko balioko du ekitaldiak, baina baita ospatzeko ere, hemezortzi urteetan egindako lana zoriontzeko modukoa baita. Bazkari irekia da, Mirentxin sustatu nahi duen guztiak eman dezake izena, baina hori bai, behingoagatik astebururo ezkutuko lanean ari diren gidariak izango dira protagonista. Azaroaren 4ko prestaketak nola doazen ikusteko bilera egin zuten asteazken arratsean Oarsoaldeko eta Bidasoako Mirentxineko zenbait kidek. Aurretik, Hitzarekin elkartu ziren Kima Arzuaga hondarribiarra, Egoitz Urbe oreretarra eta Asensio Biaña lezoarra, eta atzera begira jarri ziren. Duela hemezortzi urte sortu zen Mirentxin, presoen senide eta lagunak astebururo espetxeetara hurbiltzeko, bisitak ahalik eta eroso eta merkeen izateko. “Senideei laguntzeko sortu zen —azaldu du Urbek—, senide guztiek ez zeukaten aukerarik presoak bisitatzera joateko, eta horiei laguntzeko hasi ziren furgoneten bidaiak antolatzen”. Hemezortzi urteren ondoren hamahiru gidari talde eratu dira Euskal Herrian, 800 gidari inguruko elkartasun sarea osatzen dutenak. Biañak argitu duenez, Oarso Bidasoko taldean bi furgoneta daude, eta 30-40 boluntario inguru finko, baina azken urtebetean 150 inguru izan ziren eskualdetik abiatutako ibilgailuetako bolantearen aurrean jarri zirenak. Eskualdeko lehen gidariak Madrilgo Soto del Real eta Alcala de Henares espetxeetara bidaiatzen hasi ziren, ondoren Herrerara. Azken urteetan Huelva eta Herrera izaten dituzte jomuga. “Huelvara 120.000 kilometro egiten ditugu urtean —nabarmendu du Urbek—, milioi erdi kilometro lau urtean”. Hutsik egin gabe, astebururo bidaiatzen du Mirentxinek, “urtarrilean Bilbon egiten den presoen aldeko manifestazio erraldoian salbu”. Egun horretan manifestazioan parte hartzen du Mirentxinek, elkartasun flota Bilboko kaleetan zehar paseatuz. Hamar furgoneta dituzte guztira, horietako bi eskualdekoak. “Kilometro asko egiten ditugu, eta bost urtean behin furgonetak aldatzen ditugu, bidaiarien segurtasuna delako garrantzitsuena. Gure taldeak zortzi erosi ditu dagoeneko”, jakinarazi du Biañak. Furgoneta bakoitzaren prezioa 24.000 eurokoa bada, atera kontuak. “Horri mantenua gehitu behar zaio, biñetak, gurpilak, erregaia…”, erantsi du lezoarrak. Hasi, furgoneta partikularrekin hasi zirela esan du Arzuagak, gero alokatzen hasi ziren, eta taldea egonkortu zenean, erosten hasi ziren. “Dirutza da, eta ia denetarik egin behar izan dugu finantzatzeko, elastikoak atera, bono-laguntzak, herrietako jaietan txosnak jarri… Bidaiariek ere zerbait jartzen dute gastuekin laguntzeko, baina diru asko da, eta beti gaude beharretan”. Bide horrekin jarraituko dutela ziur dute gidariek. Bazkaria, lau kide gabe Mirentxini bultzada emateko antolatzen diren jardueren artean oso berezi bat egingo dute azaroaren 4an Errenteria-Oreretako Egi Luzen: sagardotegi bazkaria. Pentsa daiteke ez dela oso originala, sagardotegi bazkaria egitea, baina bada, lehen aldia baita hemezortzi urtean Mirentxineko Oarso Bidasoko gidariak elkartuko direna: “Astebururo errepidean gaude, horregatik ez dugu orain arte egin horrelakorik, ez gara elkartu. Orain egitea erabaki dugu, eta egun gabiltzan gidariak eta urte hauetan guztietan ibili direnak elkartuko gara Egi Luzen”. Gidari taldearen konpromisoaren erakusle da taldeko lau gidarik ezingo dutela Egi Luzera joan, “asteburu horretan ere kartzeletara joango gara, asteburu guztietan egiten dugun bezala”. Urbek jarraitu duenez, jende berriari deia luzatzen diote, “etor daitezela Mirentxin zer den ezagutzera. Nik gurekin bidai bat egitera animatuko nieke, zer egiten dugun ikustera. Behin bidai bat eginez gero zaila da uztea, asko erakartzen du honek”. Armak uzteak ez du eragin Sei urte eta erdi pasatu dira ETA erakundeak su-eten egiaztagarri eta orokorra iragarri zuenetik, sei urte eta erdi armak uzteko erabakia hartu zuenetik. Denbora horretan guztian “ezer gutxi” aldatu dela uste du Biaña Mirentxineko kide lezoarrak: “Preso gutxiago daude, baina zigorra osorik beteta geratzen dira libre. Eta gutxiago dira, baina espetxeak berdinak dira, ez daude gertuago”. Preso gutxiago, senide gutxiago, kilometro kopuru berbera. Dispertsio politikak eragin zuen Mirentxinen sorrera eta, gatazka armaturik gabe, “pilota zeinen teilatuan dagoen argi dago, gobernuen teilatuan —adierazi du Urbek—. Presoen sakabanatzeak ez du zentzurik, senideak zigortzeak ez du zentzurik”. Sakabanaketarekin bukatzeko ardura duen pertsonari gonbita luzatuko lioke gidari oreretarrak: “Gurekin bidai bat egin dezala, hau ezagutu dezan, senideekin batera bidaiatu dezala, jakiteko dispertsioa zer den”. Ezer aldatzen ez den bitartean, astebururo espetxeetara bidaiatzen jarraituko du Mirentxinek, presoak eta senideak gerturatzen. Arzuagak argi du: “Hori ere ez da aldatuko, gobernuak burugogorrak baldin badira, gu are eta gehiago. Senideek ondoan izango gaituzte, Huelvara eta Herrerara eramateko, eta Mirentxineko beste taldeetako gidariak, beste espetxeetara hurbiltzeko. Ezer aldatzen ez bada, gu ere ez gara aldatuko”. Sakabanaketa politika aldatzen ez den bitartean furgonetek segituko dute astebururo milaka eta milaka kilometro egiten, euskal presoen senideek eta lagunek haiek bisitatzeko aukera eduki dezaten. Dispertsioak irauten badu, Mirentxin gidari taldeak elkartasunez erantzungo dio, baldintzarik gabe.Direnei, izan zirenei, eta izan daitezkeenei deia
