Mikel Muñozek eta Mika Popek irabazi dute, 'Mika' pintxoarekin. Danontzat Gastroteka eta Irungo Gaztelumendi eta Danako sarituen artean.
Mika Pop, Mikel Muñozekin, txapela buruan duela (arg: Hondarribiko Ostalaritza Elkartea)
Mikel Muñoz eta Mika Pop hondarribiarrek irabazi dute Euskal Herriko XII. Pintxo Txapelketa,
Mika pintxoarekin. Bigarren tokian Bilboko Gure Toki sailkatu da, eta hirugarrena Donostiako Zazpi izan da. Hirugarren aldiz geratu da San Pedro kaleko Gran Sol taberna txapelduna, baina lehen aldia da Popek txapela janzten duena; 2010ean Mikelen anai Bixentek irabazi zuen, eta 2013an bi anaiak aurkeztu ziren elkarrekin.
Donostiako Kursaalen egin dute bigarrenez Hondarribiko Ostalaritza Elkarteak antolatzen duen txapelketa. Astelehenean hasi ziren kanporaketak eta gaur goizean zehar lehiatu dira hamar finalistak. Horien artean gailendu da Gran Solekoen
Mika mokadutxoa. Saria jasotzerakoan, hobetzeko indarra ematen diela aitortu du Muñozek: “Gran Sol familia bat da, eta familia osoaren esfortzuaren fruitua dira pintxoa eta saria. Ilusio handia da, eta sekulako bultzada ematen digu, lanean jarraitzeko, hobetzeko gure pasioa diren sukaldean eta pintxoen munduan”.
Alberto Ferruz epaimahaiaren ordezkariaren arabera, “kontzeptu guztiak kontuan izanik pintxorik onena eta biribilena” izan da
Mika. Xabiako (Valentzia, Herrialde Katalanak) BonAmb jatetxeko sukaldariaren hitzetan, kontzeptuagatik, zaporeengatik, eta sentsazioengatik berezitu da
Mika pintxoa. Txapeldunaren txapelaz gain, Ramon Rotetaren Pintxo eskultura, Amstel garagardo ekoizlearen urrezko orratza, Makro saltokiaren 3.000 euroko txekea eta diploma oroigarria jaso dute hondarribiarrek.
Beste hiru sari Bidasoara
Sari nagusien zerrenda osatuz, Irungo Gaztelumendi jatetxeko Angela Basabek eta Markel Ramirok, epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuten,
Tacolao pintxoagatik. Gainera, bakailaoarekin egindako mokadutxo onenaren Giraldo Saria irabazi zuten irundarrek.
Hamar finalisten artean hirugarren bidasoar bat egon da, Gorka Irisarriren hondarribiarraren Danontzat Gastroteka. Irisarriren
Tasioren kapritxoa-k, pintxo herrikoiaren Kutxabank saria jaso du gainera.
Eta, finalisten artean egon ez den arren, Irungo Danako jatetxeak pintxo estetikoena egin du txapelketan, eta hurrengo hilabeteetan argitaratuko
Pintxos 2018 liburuko azalean agertuko da.