Blagan elkarteak 500 herritarren argazkiekin mosaikoa osatu nahi du. ‘Itxeki euskarari’ kanpainarekin herritarrak inplikatu nahi ditu.
Ilustrazioa: Isabel Mancebo Balda
Selfie bat euskararen alde, hori da Hondarribiko
Blagan Euskara Elkartea herritarrei eskatzen ari zaiena. Euskararen erabileran eragin nahi dute, eta hondarribiarren konpromisoa behar dute bide horretan. Erretrato bana konpromiso bakoitzeko, hori ari dira eskatzen, eta 500 inguru biltzea espero dute, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera
Itxeki euskarari lelodun mosaiko erraldoia aurkezteko.
Hondarribiarren %60 euskalduna da, baina %25era ez da iristen euskara erabiltzen dutenen kopurua. Soziolingustika Klusterrak iaz burututako kale neurketan jasotako datua da. Martxoan aurkeztu zituzten emaitzak eta, kezkagarriak izanda ere, inor ez zen harritu, arazoa begi-bistakoa zelako.
Garbiñe Sesma eta Mikel Maioz Blaganeko kideak dira. Maiozen hitzetan, kezka zegoelako sortu zen Blagan: “Erabileraren kezka Blaganen sortze berean dago, beharra ikusten zelako, erabilera eskasa zela antzematen zelako. Euskaldunak asko dira Hondarribian, baina erabilera oso baxua da. Susmoa berretsi zuten datuok”.
Sesmak jakinarazi duenez, datuak aurkeztu zituztenerako dagoeneko ari ziren mosaikoaren gaia lantzen: “Aurretik hasi ginen, gero etorri ziren datuak, eta momentu inportantea izan zen, zerbait egiteko beharra indartu zuten». Nolabait esatearren, Blagani arrazoia eman zioten, eta mosaikoaren ideiari bultzada eman.
Orain bi urte jaio zen Blagan, 2015eko irailean. Denborarik galtzeko ez zegoenez, hasieratik lantaldeak eratu zituzten, arloka lan eginez eraginkorragoak izateko. Mosaikoaren ideia euren taldetik, ostalaritza eta merkataritza lantaldetik atera zela kontatu du Sesmak: “Gero konturatu ginen jende gehiago behar genuela, argazkiak zirela, diseinua zela, sentsibilizazio taldearekin elkartu ginen, eta elkarrekin ari gara prestatzen”.
Maiozek onartu du mosaikoaren ideia ez dela originala, kopiatu egin zutela, “mosaikoak toki askotan egin izan dira, eta ez bakarrik euskarari lotuta”. Eta ideia zein den laburbildu du: “Euskaltzaleei eta erabiltzaileei argazkiak eskatzen hasi ginen, ‘ari gara’, ‘bagara’ esateko. Blagan hasiberria da, jende askok ez daki zer den. Bi txori tiro batez jotzea bezala zen, euskararen erabilera sustatzeko balioko luke, baita elkartea bera ezagutarazteko ere”.
Bi modutara ari dira argazkiak biltzen, kalean herritarrengana hurbilduta, edo posta elektronikoz jasota: “Erretratuak, karneterako bezalako argazkiak eskatzen ari gara, selfiak”. Sakelako telefonoarekin argazkia atera eta
Itxeki euskarari kanpainaren posta elektronikora bidali, hori da egin behar dena.
Abenduaren 3ari begira
Abenduak 3a, hori da epemuga. Euskararen Nazioarteko Egunerako behar du osatua mosaikoak. Oraindik ez dakite non eta nola aurkeztuko duten, baina egun horretan erakutsi nahi dute: “Abenduaren 3an aurkeztuko dugu, eta zerbait egingo dugu mosaikoarekin, baina ez dakigu oraindik zer”.
Hondarribiko arraunlariak ‘Itxeki euskarari!’ pankarta eskuetan, Blagan Egunean
Izan ere, Blagan ez da Hondarribian Euskararen Egunarekin lotutako jarduerak antolatuko dituen talde edo erakunde bakarra, eta oraindik aste batzuk beharko dira egitaraua ixteko. Hori bai, mosaikoaren aurkezpenean argazkiak bakarrik ez egotea nahiko luke Maiozek, aurpegiak ere nahiko lituzke: “Mosaikoan parte hartu dutenei nolabaiteko aitortza egiteko asmoa dago, jende hori erakarri nahi dugu mosaikoaren aurkezpenera, baina oraindik ez dugu erabaki nola”.
Oraindik ez dakite non eta nola, baina Euskararen Egunean erakutsi nahi dute
Hilabete falta denean mosaikoaren erdia osatu dute, beste erdia falta zaie. Azken txanpari heltzeko prest dira Blaganeko kideak, badakite helburua lortzeko orain arte egin dutena baino gehiago egin beharko dutela, ideia berriak behar dituztela, eta horietako bat aurreratu du Sesmak: “Itxeki euskarari leloarekin orri banatzaileak diseinatu ditugu eskoletan, euskaltegian eta abarretan banatzeko. Elkarteari buruzko informazioa ageriko da, eta atzeko aldean, argazkia egiteko eta bidaltzeko gonbita egingo diegu gurasoei”.
Gurasoena zehaztea garrantzitsua da, 16 urtetik beherakoen argazkirik ez baitute onartzen, nahiz eta horrek helburua asko zaildu dien. Soziolinguistika Klusterraren ikerketaren arabera, gazteak dira euskara gutxien erabiltzen dutenak, %11,3 Hondarribian. Horregatik, Blaganek transmisioan eragin nahi duela esan du Maiozek: “Transmisioa da jokoan dagoena, horregatik behar genituen helduen argazkiak, helduen konpromisoa adierazteko. Funtsezkoa da hori, helduen esku dago transmisioa, guk heldu behar diogu gaiari, gazteek ez dute egingo guk egiten ez badugu”.
Blagan Euskara Elkartearen ustez, transmisioan dago euskararen erabileraren datuak hobetzeko gakoa, eta herritarrei laguntza eskatu diete. Ez dira gehiegi eskatzen ari, euskaltzale bakoitzeko selfie bana baino ez, 500 argazki guztira, 500 konpromiso denen artean euskarari itxekitzeko.