Iruñean egin den Espainiako Kopa absolutuan zilarra lortu du hondarribiarrak. Pisu arinago batean hasi da lehiatzen, Tokioko olinpiar jokoak helburu.
Lidia Yarza, Iruñeko podioan (arg: Nafarroako Judo Federazioa)
Lidia Yarza judoka hondarribiarrak zilarrezko domina lortu zuen larunbatean Iruñeko Espainiako Kopa absolutuan. Bokken talde berriarekin lehiatu den lehen aldia izan da, aurreneko txapelketa seniorretan, eta ohikoa ez zen pisu batean gainera. Izan ere, Tokioko olinpiar jokoetara iristeko helburuarekin pisu arinagoan ariko da Yarza, -78 kiloetan. Urtebetez lehiatu gabe egon eta gero, eta pisu berrira egokitzeko egindako lanaren ondoren, oso pozik azaldu da Yarza lortutako metalarekin.
Hondarribiko beste taldeak, Ama Guadalupekoak ere ordezkaritza izan zuen Iruñean. Iker Otegi (-66) izan zen klubeko onena, 9. postua lortuta. Maialen Ramos (-63) eta Aritz Garcia (-81) gazteak ondo borrokatu ziren, baina ezin izan zuten ohorezko postuetan sartu; kontuan izan behar da Ramos eta Garcia oraindik jubeniletan aritzen direla.
Hondarribiko taldearekin entrenatzen hasi den Vega Sanchez-Prieto errioxarrak urrea eskuratu zuen -70 kiloetan.