Goizeko hamaiketan aurkitu du Gurutze Gorriak. Urpekari irundar batek ezbeharra izan zuen ostiral arratsaldean Justiz aldean, arrantzan zebilela.
Hondarribiko Gurutze Gorriak aurkitu du hilotza (arg: @CruzRojaHond)
Hilotz bat azaldu da Jaizkibeleko itsas labarrean, ostiraletik desagertuta zegoen urpekari irundarra aurkitzeko lanetan ari zirela. Hondarribiko Gurutze Gorriko
Guadalupeko Ama ontziak aurkitu du hilotza, ur gainean, urpekaria azkenengoz ikusi zuten tokitik ehun bat metrora.
Ostiral arratsaldean desagertu zen, Justiz inguruko labarretan, urpeko arrantzan ari zela. Ingurutik paseatzen ari zen pertsona bat ohartu zen urpekaria laguntza eske ari zela, eta SOS Deiak-era deitu zuen telefonoz. Baina, erreskate taldea iritsi zenerako urpekaria desagertuta zegoen.
Ordutik aritu dira haren bila, itsasoz, lurrez eta airetik, baina itsasoa oso zakarra egon da asteburuan zehar. Goizean aurkitu dute hilotza, hamaikak eta gero. Gurutze Gorriaren ontzira igo dute eta Puntaleko egoitzara eraman, forentsearen esku uzteko. Berak zehaztu beharko du agertutako hilotza ostiraletik falta den irundarrarena ote den.