Nagusien mailako bigarren taldeak eta kadeteetako lehenengoek etxean dituzte ligako partidak. Biek mutrikuarrak izango dituzte aurkari.
Lau dira zesta puntako Gipuzkoako ligetan jokatzen duten Hondarribiko bikoteak, bi nagusietan (2. Mailan biak), eta beste bi kadeteen ligan. Gaur (ostirala), bi bikotek jokatuko dute Jostaldin, 19:00etan hasiko den jaialdian.
Lehen partida kadeteena izango da, Hondarribia1 bikotea Mutrikuko DanokBat1 bikoaren kontra ariko da. Ondoren, nagusien mailako bigarren taldeak beste mutrikuar bikote bat izango du aurkari. Kadeteen bigarren taldeak ere gaur jokatuko du, baina Zumaian.
Igandean ere izango da zesta punta Jostaldin. Nagusien lehen bikoteak jokatuko du, Gipuzkoan gonbidatu gisa ari den Donibane Lohizuneko Luzean klubeko ordezkarien kontra.
Udazken txapelketa hasiko da
Hondarribiko Pilota Eskolako Haur eta Alebin mailetako puntistek Udazken Txapelketa berezia jokatuko dute gaurtik hasita. Jardunaldi bakoitzean bikoteak aldatzen dira txapelketa honetan, elkarte desberdinetako kirolariak nahastuz. Beotibar, Danok Bat, Donostia Jai Alai, Gazteleku, Hondarribia eta Zumaia elkarteetako pilotariek hartuko dute parte. Guztira, 54 puntista lehiatuko dira: 27 alebinetan eta beste 27 Haurren Mailan.
Asteburu honetan alebinek Mutrikun jokatuko dute eta haurrek Donostian.
Zestako bi partida jokatuko dituzte gaur Jostaldin