Hilaren 31n Izuaren Etxea egingo dute bosgarrenez Sainduan. Talde berria sartu da antolakuntzan, eta askotariko tailerretan ari dira jarduera prestatzen
Talde berria ari da Izuaren Etxea antolatzen. Irudian, asteazkeneko bileran
Batekin izugarria bazen, zer ez da izango bostekin?
Paranormal activity,
Exorzista,
Chucky deabruzko panpina,
The Walking Dead eta
It. Bost film horietan oinarrituko da Hondarribiko Saindua Udal Gaztelekuan urriaren 31ko ilunabarrean egingo duten bosgarren Izuaren Etxea. Gaztelekuko zaharrenek, 15-17 urtekoek, prestatuko dute, eta 12 urtetik aurrerakoei oilo-ipurdia eragitea da haien asmoa. Adin horretatik beherakoek eta 18tik gorakoek erabat debekatuta izango dute Gau Beltzan Zimizarga auzoko baserri ingurura hurbiltzea. Ez da leku segurua izango.
Gaztelekuko beheko solairuan egiten dute Izuaren Etxea. Orain arteko lau ekitaldietan gai bana hautatu izan dute etxea mozorrotzeko: lehen urtean eroetxea izan zen, bigarrenean zirkua, 2016an kanposantua ondoan zuen ospitalea, eta iaz
REC filmean oinarritu ziren gazteak. Aurten bost film beldurgarri ezagun hautatu dituzte, eta areto bakoitzean pelikula horietako bat irudikatuko dute. Aitor Irastorza eta Maitane Rascon begiraleek koordinatzen dute jarduera, eta beraiek ere mozorrotuko dira hilaren 31n, baina protagonista nagusiak gazteak dira. Aurten, gainera, taldea erabat berria da eta, herenegun arratsaldeko antolakuntza bileran sumatzen zenez, oso urduri daude.
Paulo Aranak 15 urte ditu eta lehen aldiz hartuko du parte jardueran, “baina bisitari bezala urtero etorri naiz, asko gustatzen zait egin izan dutena eta aurten ja parte har dezaket”. Gidarietako bat izatea erabaki du, bisitariak atean jaso eta beldurrezko filmak proiektatzen dituen zine areto batean zehar gidatu behar dituen aretozaina: “Ez zait gustatzen jendeari sustoak ematea, horregatik ez naiz gai batean animatu”. Hori bai, besteak beldurtzen ikustea ez zaio axola, “txikiekin joango naiz bisita egiten, beraiek nola beldurtzen diren ikusteko”. Gazteek hautatutako filmei lotutako mozorroez jantzi eta makillatuko dira, eta atrezzoa, argia —edo argi eza— eta musika baliatuz, ahalik eta giro beldurgarriena sortzen saiatuko dira. Alvaro Rivero taldeko DJa da, eta bere ardura izango da areto bakoitzean behar diren soinuak bildu eta grabatzea.
Pizza, aste honetako beldurrezko errezeten tailerrean
Hamasei lagunek parte hartuko dute aurten Izuaren Etxean, hamalau gaztek eta Sainduako bi begiraleak. Aurreko urteetan nesken kontua izan da jarduera, iaz partaide guztiak ziren neskak, eta duela bi urte mutil bakarra zegoen neska artean. Baina aurten gauzak aldatu direla azaldu du Aitor Irastorza gazteak bilerarako bildu aurretik: “Lantalde osoa berria da, iazkoek hiru urte zeramatzaten eta dagoeneko utzi dute. Kuadrilla bereko neska-mutilak sartu dira, eta baten bat gehitu zaie”. Hiruzpalau neska eta hamar mutil inguru, 15 eta 17 urte bitartekoak.
Jennifer Vargas da horietako bat. “Zerbait berria egin nahi nuen, eta horregatik eman dut izena”, kontatu du. Hamazazpi urte ditu Vargasek eta oso ondo daki non sartu den, “bisitari bezala bitan egon naiz. Iaz ez zidan beldur handirik eman, baina duela bi urte bai, oso beldurgarria izan zen. Aurten parte hartu nahi nuen”. Oraindik ez du bere pertsonaia landu, baina ideiaren bat badu buruan, kontatu nahi ez duena: “Badut txikiei beldurra eragiteko gogoa, uste dut itzela izango dela”. Gaiak aukeratzerakoan
The Walking Dead filma aukeratu du Vargasek, hau da, zombiez mozorrotu beharko du, eta hori hurrengo tailerretan landu beharko du, arropa, makillajea, keinuak, garrasiak…
Askotariko tailerrak
Urria beldurgarria izaten da Hondarribiko Saindua Udal Gaztelekuan, hilabete osoa. Izuaren Etxean nagusiek bakarrik har dezakete parte, 15-16 urtetik aurrerakoek, baina gainontzeko ekintzetan gazteagoak ere aritzen dira, beldurrezko errezetak egiten, makillaje tailerrean… Gainera, ia astero egun bat eskulanetarako erabiltzen dute gaztelekuan, eta horietan txikiek Izuaren Etxea prestatzen lagundu dezakete. “Zerrendatu itzazue behar dituzuen gauzak, dekoratuak, eta abar —zuzendu zitzaien Irastorza gazteei bileran—, eta txikiei esan lan horiek egiteko. Beraiek egingo dituzte eskulanak, baina zuek haien irakasleak izango zarete”.
Iaz REC filmean oinarritu ziren gazteak Izuaren Etxerako
Talde berria da aurten Izuaren Etxearen ardura hartu duena, eta begiraleen aurpegiak ikusita, dagoeneko izua zabaltzen hasi direla esan daiteke. Izan ere, Izuaren Etxea prestatzeko beharko dituzten zerrenda egin zuten herenegun, eta a zer nolako zerrenda atera zaie! Argi gutxi emango duen lanpara zahar bat, gezurrezko odola, apaiz baten jantzia, kartzelako barroteak, labanak, aizkorak, pistolak, pailazo mozorroa, lentilla zuri eta gorriak, barrutik kanpokoa ikusten utziko duen ispilu bat, katiuska horiak… “Gauza batzuk erosi beharko ditugu —onartu du Maitane Rascon begiraleak—, besteak eskatzen saiatuko dira, eta gainontzekoak tailerretan sortuko ditugu”.
Gaur makillaje egingo dute. Irudian, iazko saio bat
Oro har, urriaren 31ko jarduerari lotutako tailer guztiak izaten dira arrakastatsuak, baina makillajearena bereziki ikusgarria izaten da. Gau Beltzerako behar izaten duten makillajea landu ohi dute baina, aurten ia denetarik behar dutenez, ikusteke dago zer egiten duten. Gaur dute lehen saioa eta hurrengo ostegunean bigarrena. Ikasitako guztia urriaren 31n erakutsiko dute Hondarribiko Sainduan, Izuaren Etxea jardueraren bosgarren ekitaldi beldurgarrian.