Araskiri nagusitu zaio Gasteizen eta lehen garaipena lortu du maila berrian. Ganix Mironek jokalarien jarrera goraipatu du.
Atsedenaldia eta gero presioa zabaldu zuten gasteiztarrek (arg: Jull Roc)
Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak aurreneko garaipena lortu du Espainiako Lehen Mailan. Larunbatean Araskiren kontra irabazi zuen Gasteizko Judimendi kiroldegian (62-72), bere ezaugarri nagusiari esker, defentsa itogarria baliatuz. Ganix Miron entrenatzaileak “jokalariek lehen segundotik izandako jarrera” nabarmendu zuen: “Presio handia egin du taldeak, oso estua, Araski ustekabean harrapatuz”. Hala, lehen hamar minutuak 10-22ko markagailuarekin bukatu ziren.
Bigarren laurdenean hobetu kantxaratu ziren gasteiztarrak, baina Ikasbasketek ez zituen besoak jaitsi. Gainera, aurreko partidetan ez bezala, tiro libreen marratik portzentaje onak egin egin zituzten hondarribiarrek eta atsedenaldira 13 puntuko aldearekin iritsi ziren Mironen neskak.
Aldalekutik gogotsu atera ziren gasteiztarrak, presioa kantxa osora zabalduz. Partidaren kontrola hartu zuten, baina hondarribiarrek maisutasuna erakutsi zuten kanpoko lerroan eta arabarren erasoaldia baretzea lortu zuten. 12-13ko partziala ezarri zuten hirugarren laurdenean eta azken txanpara hamalau puntuko aldearekin iritsi zen Ikasbasket.
Azken hamar minutuetan dena eman zuten bi taldeek, gasteiztarrek aldea murrizten saiatzeko eta hondarribiarrek alde horri eusteko. Nekearen eraginez defentsak arindu ziren eta errazago izan zen saskiratzea. Azken partziala Araskirentzat izan zen, baina Hondarribiko taldeak ez zuen arazorik eduki garaipena lortzeko. Hondarribiarren artean, Nerea Saez de Buruagak 18 puntu lortu zituen, Cristina Gonzalezek 13 eta Izaro Alza antolatzaileak 11.
Etxean, Gernikaren kontra
Hurrengo partida etxean jokatuko dute hondarribiarrek, Gernikaren kontra. Larunbatean izango da, ohiko ordutegian, 19:45ean. Ligako bigarren garaipenaren bila aterako da Ikasbasket.
Orain arteko hiru partidetatik bi irabazi dituzte bizkaitarrek, baina Araskiren kontra galdu dute. Hortaz, Gasteizen bezala jokatuz gera, ligako bigarrena poltsikoratzeko aukerak eduki ditzake Ganix Mironen taldeak.