Dena ongi, ostiralean inauguratuko dute udal liburutegi berritua. Datorren astetik emango du zerbitzua normaltasunez.
Zuloaga Etxea, Hondarribiko Kale Nagusian
Ostiralean, urriaren 20an irekiko du Zuloaga Etxeak. Egun horretan izango da udal liburutegi berritua ezagutzeko aukera. Jardunaldi berezia antolatzen ari dira egun horretarako (hurrengo egunetan emango dugu horren berri), ipuin kontalariak, bisita gidatuak… Eta, dena ongi, hurrengo astean hasiko da liburutegi zerbitzua normaltasunez.
Bi urte eta ia hamar hilabete behar izan dute obra bukatzeko, aurreikusi zegoena baino hemezortzi hilabete gehiago.
2015eko urtarrilaren 26an itxi zuten Kale Nagusiko jauregiko atea. Hasiera batean 2016aren hasieran irekiko zutela aurreratu zuten arren, lanak asko luzatu dira.
Itxi zutenean,
behin behineko liburutegia ezartzeko lanak abiatu zituzten Biteri kalean, 2015eko maiatzaren 4an ireki zuten eraikin modularra. Aurtengo ekainera arte irekita egon da, Zuloaga Etxera trasladoa egiteko itxi zuten arte. Azken lau hilabeteetan ez da liburutegi zerbitzurik egon Hondarribian.