Ainhoa Iñarra Hondarribia FEko nesken entrenatzailea
Hirutik hiru irabazita hasi du liga nesken talde sortu berriak. Talde gazteena ez bada, Lurralde Mailako gazteenetakoa da, bat ezik beste futbolari guztiak kadete mailan aritu zirelako iaz. Ainhoa Iñarra da taldeko entrenatzailea eta bere lehen helburua “ahalik eta gehiena disfrutatzea” da, eta, kirol arloan, igoera faserako sailkatzea.
Hondarribia Futbol Elkarteak helduen taldea sortu berri du. Nagusietan ari zarete jokatzen, Lurraldeko Mailan, baina oso gazteak dira neskak.
Bai, gehienak iaz kadeteetan zeuden, 33 urte dituen bat ezik, beste jokalari guztiek 16 edo 17 urte dituzte.
Beraz, kadeteei jarraipena emateko sortu da taldea, euren ibilbidea egiten jarrai dezaten. Baina, zergatik seniorren taldea sortu, eta ez Gazte Mailakoa?
Gazteetan oso talde gutxi daude, iaz bost talde bakarrik (aurten zortzi), eta hiru bider jokatu zuten euren artean. Ni Oiartzun taldean ibilitakoa naiz, eta OKEk (Oiartzun Kirol Elkartea) gazteen taldea zuen, eta esan zidaten ez sartzeko gazteetan, aspertuta bukatu zutela, beti talde berdinen kontra jokatzen. Klubarekin hitz egin genuen, eta seniorretan talde berria sortzea erabaki zen, gazte mailan izena eman beharrean.
Iaz oso maila ona eman zuten kadeteetan, baina beti euren adineko taldeen kontra aritu dira. Aurten, aldiz, beraiek baino nagusiagoak direnen kontra…
Bai, oso onak dira, iaz bigarren geratu ziren ohorezko ligan. Goiko mailan jende altua egoten da, baina momentuz ondo ari dira, eta ez dute hainbeste sumatu adin diferentzia hori. Egia da orain hasi garela, bakarrik hiru partida jokatu ditugula, baina ondo moldatzen ari dira. Gazteak dira, oso azkarrak dira, hori dute alde.
Eta kontra?
Ba besteek urte asko daramatela jokatzen, esperientzia dutela.
Duela urte batzuk ere sortu zen helduen taldea, baina ez zuen funtzionatu. Oraingoan baietz uste duzu, jarraipena izango duela?
Ordukoa bi nesken ekimena izan zen, jokalari ohiak, bueltatu nahi zutela. Beraiek arduratu ziren denaz, taldekideak bilatzen, eta abar. Hasieran ondo, baina gero batzuek kanpora joan ziren ikastera… Oso zaila da adin honetan nesken taldea eratzea, ez dagoelako behar adina jokalaririk. Orain hauekin ondo dabiltza, baina unibertsitatera iristen direnean, kanpora joaten badira… Behintzat atzetik badatoz, Kadete Mailako taldean 20 neska daude, eta atzetik infantilak datoz.
Ikusiko dugu, baina nesketan oso zaila da. Gure taldean hamasei futbolari ditugu bakarrik, mutiletan lasai 20 egoten dira. Baina talde oso ona da hau, haurretatik ari dira elkarrekin jokatzen, oso gustura ari dira, eta ilusio handia dute.
Helburua lehen urte honetarako?
Mailan finkatzea, maila hau nolakoa den ikustea eta horretara egokitzea, eta ahalik eta gehien disfrutatzea. Ligan hiru multzo daude (zazpi taldekoa bakoitza), multzo bakoitzeko onenak igoera faserako sailkatuko dira, gainontzekoek kopa jokatuko dute. Gu lehen horien artean sartzen saiatuko gara.
Larunbateko partidako une bat. Hirugarren garaipena lortu zuen Lurraldeko Mailako taldeak