Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuak XXVI. Euskal Txiste Grafikoen Lehiaketa antolatu du, euskara sustatzeko helburua duten Neguko Jardunaldiei lotuta.
Parte hartzen dutenen lanak Neguko Jardunaldien barruan erakutsiko dituzte
Marraztuko al zenuke txiste bat? Sartuko al zenuke lagunei kontatzen diezun txiste hori bineta bakarreko komiki batean? Hori da Hondarribiko Udalak egiten dizun proposamena. Euskara Zerbitzuak XXVI. Euskal Txiste Grafikoen Lehiaketa deitu du, eta zuk ere parte hartzea nahi du. Urriaren 31n itxiko da lanak aurkezteko epea.
Adinaren arabera hiru mailetan banatzen da lehiaketa, 12 urtetik beherakoak batetik, 12tik 16ra bitartekoak bestetik, eta 16tik gorakoak azkenik. Hiru mailetan daude sariak, maila bakoitzeko bi lan onenen egileentzat. Txikienek komiki-liburuak jasoko dituzte sari bezala, 12-16koek 150na euro eta komiki-liburuak, eta nagusiek 300 euro lehen sailkatuak eta 200 bigarrenak.
Txiste bat bineta batean marraztea, hori da eskatzen dena, testua euskarazkoa izatea, bunbuiloa (
bokadiloa) edukitzea, eta barregarria izatea noski (
irakurri oinarriak). Txiste txarrak onartzen dira, baina saria irabazteko aukera gutxiago izaten dute, baina zeinek daki, epaimahaiaren arabera izaten baita hori. Hori bai, Neguko Jardunaldien barruan antolatuko duten erakusketan denak sartuko dituzte, onak, txarrak, eta erdipurdikoak, hortaz, txiste onik bururatzen ez bazaizu, parte hartu ezazu txiste txar batekin.
Esan bezala, urriaren 31 da lanak aurkezteko azken eguna. Biztanleen Arreta Zerbitzuaren bulegora eraman behar dira. Animatu, saria dauka-eta!