Datorren astelehenetik larunbatera egingo dute, udaberritik udazkenera mugituta. Hainbat ekitaldi prestatu dituzte lehen sektoreko produktuak sustatzeko.
Baserritarren azokan egin dute Bertako Produktuaren Astearen aurkezpena
Bertako Produktuaren Astea izango da datorrena, hilaren 16 astelehenean hasi eta larunbata 22an bukatuko dena. Hondarribia Abian Planaren barruan antolatu du udalak, eta baserriko produktuen azoka zegoela probestu dute gaur goizean jardunaldiak aurkezteko. Kalisa Silanes Nekazaritza eta Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “tokiko produktuarekin dugun harremana indartzea da aste honen helburua”.
Bigarrenez egingo dute Bertako Produktuaren Astea, baina urte gehiago dira udala eta ekoizleak elkarlanean lehen sektoreko produktuak sustatzeko ekimenak burutzen hasi zirela. Hala, egindakotik onena bildu dute egitaraua osatzeko, eta berrikuntzarik ere bada. Lehen aldaketa, data esaterako, aurrekoa udaberrian egin baitzen: “Ekoizleek eskatu digute data aldatzeko, orain egitea hobe delako beraientzako, eta kasu egin diegu”, azaldu du zinegotziak.
Aurreko urtetik, herriko hiru ikastetxeetako ikasleek tren berdean egiten dituzten bisita gidatuak errepikatuko dituzte, aurten Kofradiara zabalduta. Eta beste bisita berezi bat antolatu dute, ekoizleei begira baina herritar guztiei zabalduta. Labore Oarso kontsumo taldeak aurten Oiartzunen ireki duen egoitzara joateko aukera izango da asteartean (hilak 17), arratsaldez; bertan ekoizten eta saltzen diren produktuetako batzuk dastatzeko aukera izango da bisitaren ondoren.
Ekintza informatiboak osatzeko, ostegunerako iragarri duten hitzaldia nabarmentzen da Tokiko Produktuen Astearen kartelean. Jakoba Errekondok
Landareak lantzen liburu berria aurkeztuko du Kultur Etxean, eta ondoren galdera-erantzun saioa izango dela jakinarazi du Silanesek: “Euskadi Irratian egiten duen bezala, jendearen galderei erantzungo die, ‘intxaurrondo honek ez didala intxaurrik ematen eta ez dakit zergatik’, eta horrelako zalantzak argituko ditu. Azokako ekoizleei asko gustatu zaie Errekondo ekartzea, ziur Kultur Etxeko areto nagusia beteko dela”.
Tailerrak eta showcookinga
Tokiko produktuak sustatzea da jardunaldien helburua, eta nola hobe gastronomiari lotuta egitea baino. Showcooking bat (larunbatean, azokan), eta bi tailer prestatuko dituzte, nagusientzako (asteazkenean, Itsas Etxea elkartean), eta haurrentzako (Arraunlari Berri jatetxean) bana. Adi, tailerretan parte hartzea mugatu baita.
Edozein jardueretan izena eman nahi duenak BAZ bulegoan egin dezake (bertaratuz edo 943 11 12 13 zenbakira deituz), edo
posta elektronikoz. Tailer bakoitzean hamabi pertsonentzako tokia izango da.
Bertako Produktuaren Astea
Bisitak ikasleekin
- Hilak 16 (astelehena) eta 17 (asteartea). Agroaldeara.
- Hilak 18 (asteazkena) eta 25 (larunbata). Azokara.
- Hilak 19 (osteguna) eta 20 (ostirala). Kofradiara.
Bisita berezia
- Hilak 17 (asteartea), 19:00etatik 20:00etara. Labore Oarso kontsumo elkartearen Oiartzungo dendara; autobusa 18:30tan aterako da San Juan de Dioseko errotondatik.
Sukaldaritza tailerra
- Hilak 18 (asteazkena), 19:00etatik 21:00etara. Itsas Etxea Elkartean, Batzoki Jatetxeko Iñaki Gezalaren eskutik.
Liburu aurkezpena eta solasaldia
- Hilak 19 (osteguna), 19:00etatik 21:00etara. Kultur Etxean. Jakoba Errekondok bere azken liburua aurkeztuko du; ondoren, bertaratutakoen zalantzak argituko ditu.
Haurrentzako sukaldaritza tailerra
- Hilak 20 (ostirala), 17:00etatik 19:00etara. Arraunlari Berri Jatetxean, Jon Cousoren eskutik.
Sukaldarien showa
- Hilak 21 (larunbata), 11:00etatik 14:00etara. San Pedro kaleko azokan. Gorka Irisarri (Danontzat) eta Gorka Souto (Sardara) ariko dira lanean.