Irungo epaitegi batek ikerketa abiatu du Hondarribia hautagaitzaren promozio kanpainan lege hausterik izan ote zen argitzeko.
Arma Plaza Fundazioaren kartela Pampinot kaleko Ramery jauregian. Bertan du egoitza
Irungo 2 zenbakidun Instrukzio Epaitegiak ikerketa abiatu du
Unesco auzia delakoan legez kanpoko jokabiderik izan ote zen argitzeko.
Auzibidean dauden gertakariak 2015ekoak dira. Urte hartan Unescoren Hiri-sortzaileen Sarean sartzeko hautagaitza aurkeztu zuen Hondarribiak, gastronomia arloko ezaugarriak kontuan hartuz. Saiakera horretan, Arma Plaza Fundazioak promoziorako bideo bat eskatu zion enpresa bati, baina zenbait arazo izan ziren lan horrekin, atzerapenak, kostuaren biderkatzea, eta abar.
Gerora, abenduan Unescok aukeratutako hirien artean ez zen sartu Hondarribiaren hautagaitza. Eta bideoarekin izandako arazoen ondorioz, fundazioaren eta enpresa grafikoaren arteko harremana eten egin zen; alde bakoitzak besteari bota zion gertatutakoaren ardura, eta auzia sare sozialen bitartez zabaldu zen.
Orain, lan harreman horretan, eta lana eten eta gero bi aldeen artean gertatutakoa aztertzen ari da Irungo 2 zenbakidun Instrukzio Epaitegia, legez kanpoko zerbait egon ote zen ikusteko.
Confidencial.eus agerkari digitalak aurreratu zuenez, eta HITZAk baieztatu ahal izan duenez, besteak beste, prebarikazio, dokumentu-faltsutze eta maula-prozesal delituak egon ote diren aztertzen ari da epailea, eta dagoeneko auzian inplikatuta dauden pertsona batzuk hasi dira haren aurrean deklaratzen.
Sare sozialetatik epaitegietara egin du jauzi
Unesco auzia-k. Ikusteke dago aurrerantzean zein bide hartzen duen, eta zer ondorio dakartzan parte diren bi aldeentzat.